Politika -
XII. LEGEALDIA
Eusko Legebiltzarrak irailaren 3an izendatuko du Urkullu lehendakari
Bi egun geroago, hilaren 5ean, Urkulluk bere karguaren zina egingo du, Gernikako Batzar Etxean. Irailaren 7an, Eusko Jaurlaritzako kideak Ajuria Eneko Jauregian kargua hartzea aurreikusten da.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak irailaren 3an izendatuko du Iñigo Urkullu lehendakari. Horren hirugarren agintaldia izango da, baina oraingoan lehen bozketan inbestituko dute, gehiengo osoarekin, aurreikuspenen arabera. Izan ere, EAJk (31 ordezkari) eta PSE-EEk (10) gehiengo osoa dute Legebiltzarrean.
Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak gaur goizean jakinarazi du noiz egingo den inbestidura-saioa, Eusko Legebiltzarreko Bateraezintasun Batzordeak legebiltzarkideen ondasunak eta jarduerak aztertu eta horien bateragarritasun-egoerari buruzko egokitasuna zehazteko landutako irizpena onartu ostean. Legebiltzarkideek karguarekin bateraezina den bestelako jarduerarik duten edo ez aztertzeko egin ohi dute agintaldi hasieran.
Hala, EAJk eta PSE-EEk gobernu berria osatzeko dituzten negoziazioek aurrera egiten badute, Urkullu lehen bozketan izendatuko dute lehendakari, gehiengo osoarekin, bi alderdi horien botoekin. Aurreko bi legegintzaldietan bigarren bozketan izendatu zuten, gehiengo soilez.
Oraindik ez dago argi Maddalen Iriarte EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaile eta lehendakarigaiak inbestidura-saioan bere hautagaitza aurkeztuko duen ala ez, baina EAJk eta PSE-EEk akordioa lortzen badute horren hautagaitzak ez du aurrera egiteko aukerarik izango.
EH Bilduren Mahai Politikoak erabakiko du Iriartek lehendakari izateko hautagaitza aurkeztuko duen. 2016an, koalizioak hiru ordezkari gutxiago lortu zituen (21 ditu orain), eta hautagaitza aurkeztea erabaki zuen, inbestidura-saioan Iñigo Urkulluri erantzun ahal izateko. Orduko hartan, baina, jeltzaleen eta sozialisten baturak ez zion gehiengo osoa ematen Urkulluri.
Horrela, Urkullu irailaren 3an izendatuko dute lehendakari, eta bi egun geroago, irailaren 5ean, karguaren zina egingo du, Gernikako Batzar Etxean, legebiltzarkideen aurrean. Irailaren 7an, Eusko Jaurlaritzako sailburuek eta bozeramaileak Ajuria Enea Jauregian hartuko dute kargua, lehendakariaren aurrean. Urkulluk Exekutiboko kide berriak izendatzeko dekretuak irakurriko ditu, eta bakoitzak bere kargua beteko duela hitz emango du. Ondoren, XII. legealdi honetako gobernuaren argazki ofiziala egingo dute. Bitartean, jeltzaleek eta sozialistek koalizio-gobernua osatzeko elkarrizketekin jarraitzen dute, programa adosteko dokumentuen trukearekin, koronabirusak eragindako krisi larriak bereziki kolpatutako agintaldia izango baita. Hala, koalizio-gobernu sendoa eta egonkorra osatu nahi dute bi alderdiek, pandemiaren eta berreraikuntzaren ondorengo egoera modu egokian kudeatzeko. Horretarako, oraingoan, aurreko bi legealdietan ez bezala, Iñigo Urkulluren gobernuak gehiengo osoa izango du.