Politika -
Koronabirusa
Urkulluk alarma-egoera bertan behera utzi nahi du, eta 3 fasea datorren astean amaitu
Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak esan duenez, "hori ahalbidetzen duten egoera epidemiologikoak ematen badira" lehendakariaren asmoa alarma-egoera bertan behera uztea litzateke.
Agentziak | Erredakzioa
Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak astelehen honetan jakinarazi duenez, autonomia erkidego bakoitzak "normaltasun berria" kudeatzeaz arduratzeko dekretua gaur bertan adosten saiatuko dira Espainiako Gobernuarekin; izan ere, bi aldeen arteko elkarrizketak "nahiko aurreratuta" daude.
Goizean, ETB1eko 'Egun on Euskadi' saioan egindako elkarrizketan, Estebanek azaldu du Espainiako Gobernuak "ziurrenik bihar" onartu behar duela normaltasun berrirako dekretua; izan ere, "uharte batzuetan deseskalatze prozesuaren 3 fasea atzean utzi dute jada".
Dekretu berri horretan, Estebanen arabera, egoera berriaren kudeaketa "autonomia erkidegoen esku geratuko litzateke", eta "autonomia erkidegoen arteko garraioari, maskaren erabilerari eta bestelako neurri orokorrei buruzko neurriak ere" ezarriko lirateke. "Hitz egiten ari gara. Elkarrizketak nahiko aurreratuta daude, ea gaur adosten dugun testua", adierazi du.
Hala, EAJk Kongresuan duen bozeramailearen hitzetan, Iñigo Urkullu lehendakariak "alarma-egoera bertan behera utzi nahi du, eta 3 fasea datorren astean amaitu, hori ahalbidetzen duten egoera epidemiologikoak ematen badira".
"Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak berak Kongresuan argi eta garbi esan zuenez, autonomia erkidego batek alarma-egoera bertan behera uztea erabakiko balu, normaltasun berrira pasatuko ginateke, 3 fasea gaindituz. Horrela, beraz, autonomia erkidegoen arteko mugikortasunaren oztopoak indarrik gabe geratuko lirateke", azaldu du.
Bestalde, Kongresuan egun dagoen "giro nahasi eta ez oso ona" deitoratu du Estebanek, nahiz eta "egoera oso partikularra" izan eta "bakoitzak bere posizionamendua" bilatu nahi izan duen.
Hala, EAJ "lehen unetik zentzuz jokatzen saiatu da, Espainiako Gobernuarekin akordioak lortzen saiatuz", azaldu du. "Hala egin genuen gutxieneko diru-sarrerari buruzko akordioarekin", gaineratu du.