Politika -
Deseskalatzea
Nafarroa, Kantabria eta Errioxaren arteko mugikortasuna adostea eskatu du Urkulluk
Herritarren zirkulazio librea adostu nahiko luke lehendakariak erkidego mugakideen presidenteekin, ekainaren 15etik aurrera normaltasun berria abiatzeko helburuz.
EITB.EUS
EAEko, Nafarroako, Kantabriako eta Errioxako erkidegoen arteko herritarren mugikortasun librea adosteko deia egin du Iñigo Urkullu lehendakariak igande honetan erkidegoetako presidenteekin izandako bideokonferentzian.
Espainiako Gobernuak, berriz, ez du oraindik baimenik eman, eta alarma egoera amaituko den ekainaren 22rako atzeratu du fase berean dauden erkidegoen arteko zirkulazio hori.
Dena dela, data hori aurreratzearen alde egin du Urkulluk, eta EAEk muga dituen erkidegoetako presidenteekin adostu nahiko luke hori, ekainaren 15az geroztik normaltasun berriari ekiteko, pandemiaren deseskalatze prozesuaren barruan.
Zentzu horretan Urkulluk azpimarratu duenez, "herritar, familia eta negozio asko eskatzen ari dira urrats hori aurreratzea", izan ere, "une erabakior honetan, merkataritza, turismoa, logistika eta esportazioak suspertzen lagunduko du".
Bestalde, koronabirusagatik "kutsaturik eta hildakorik" gabeko lehen eguna Euskadin azpimarratu du lehendakariak, eta txalotu egin du "hoberako joera hori egonkortu" dela. Hala eta guztiz ere, "ez gara fidatuko, eta osasun sistema eta osasun langileei babesa ematen jarraituko dugu".
Euskadi 3 fasera igaroko da astelehen honetan eta, urrats berri honen aurrean, Urkulluk azpimarratu du "irekiera berriak" izango direla, baina "zuhurtziaz jokatzen jarraitu behar" dugula pertsonen arteko harremanetan eta taldeka gaudenean ere. Hori dela eta, gogoratu du 3 fase horretan itxita jarraituko dutela diskotekek eta gaueko aisialdiarekin lotutako tabernek.
Merkataritza, ostalaritza, garraioa eta turismoari dagokienez, edukiera handituko dute. Berrikuntza moduan, haur eskolak eta haurtzaindegiak ireki ahalko dituzte, eta haurrentzako eta gazteentzako aisialdi-jarduerak ere egin ahalko dira, "lan eta familiaren kontziliaziorako urrats garrantzitsua", Urkulluren hitzetan.
Alor ekonomikoan Gasteizko Exekutiboaren buruak arreta jarri du industrian, "ekonomiaren motorrean", eta hori garatzeko "estrategiaren beharra" plazaratu du. "Ezin dugu alor hori alde batera utzi", ondorioz, "publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza eta arreta areagotzearen" alde egin du.
Amaitzeko, aurreko bideokonferentzian bezala, botiken koordainketa egiten dutenei maskara kirurgikoen eta sanitarioen BEZa kentzeko proposamena luzatu dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari.