Politika -
ERABAKITZEKO ESKUBIDEA
50 bat herri batu dira Gure Eskuk gaurko eta biharko deitu dituen mobilizazioetara
Hamaika Gara ekimenaren baitan antolatu dituzte ekitaldiak, "plazak berreskuratu eta aldarriz betzeko". Gaur, Bilbon eta Lezon egingo dira mobilizazioak.
EITB.EUS
Gure Esku herri plataformak asteburu honetarako antolatu dituen mobilizazioetara Euskal Herri osoko 50 bat herri batu dira. 'Hemen erabaki, herritarrok erabaki' lelopean, ekitaldi ezberdinak egingo dira herri eta hiriburuetan.
Hamaika Gara ekimenaren baitan antolatu dituzte bihar-etziko ekitaldiak, "plazak berreskuratu eta aldarriz betetzeko". Igandean egingo dira ekitaldi nagusiak, 11:00etatik 14:00etara. Bilbon eta Lezon, dena dela, gaur egingo dira, eta Nafarroako hainbat herritan, berriz, ekainaren 21ean. Aldarri ezberdinak jasoko dituzte, mosaikoak osatuz.
Herritarrei ekitaldietara bertaratzeko deia egin die Gure Eskuk, eta parte hartzeko hiru urratsak azaldu ditu: "bakoitzak bere aldarria kartoi zati batean idatzi, sareetan zabaldu eta etxetik plazara eraman".
COVID-19ak sortutako "egoerara egokitutako formatua" dela gogoratu du herri plataformak, eta parte-hartzaile guztien osasuna eta segurtasuna zorrotz bermatuko direla ziurtatu dute.
Burujabetza eta erabakitzeko eskubidea sustatuko dituen elkarlanerako espazio berri bat artikulatzen aritu da azken urtean Gure Esku gizarteko alor askotako eragileekin, eta harreman horiei esker, Hamaika Gara ekimena abiatu zuen martxoaren 11n.
Erreferendumaren aldeko sinadura bilketa bat ardatz hartuta, epe luzeko ibilbide bati ekin zioten hamaika eragilek. Egitasmoa aurkeztu eta egun gutxira, baina, osasun krisiak prozesu osoa baldintzatu zuen, baita ekimena bera ere: sinadura bilketa aldi batez sustatzeari utzi, eta aurreikusitako kale mobilizazioak udazkenera atzeratzea erabaki zuen erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak.
ASTEBURUKO EKITALDI NAGUSIAK
· LARUNBATA
Bilbo: 12:00etan, Plaza Eliptikoan
· ETZI, IGANDEA
Gasteiz: 11:30ean, Foru Plazan
Donostia: 12:30ean, Bulebarrean