Politika -

Erabakitzeko eskubidea

Kaleak berreskuratu eta aldarrikapenez betetzeko deia egin du Gure Eskuk

Erabakitzeko eskubidearen aldeko Hamaika Gara ekimena igande honetan egingo dute Euskal Herriko plazetan.

Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileak. Artxiboko argazkia: EFE
Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileak.
Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileak. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Kaleak berreskuratzeko eta aldarrikapenez betetzeko unea" dela azpimarratuta, Gure Esku plataformak igande honetarako antolatu diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du.

Joan de martxoaren 11n jarri zuten abian Hamaika Gara ekimena, Euskal Herriaren etorkizun politikoa erabakitzeko erreferendumaren aldeko sinadurak biltzeko asmoz, baina udazkenera arte atzeratu behar izan zuten koronabirusaren pandemiagatik.

Konfinamendutik irteteko prozesua aurrera doala ikusita, Gure Eskuk iritzi dio badela garaia herritarrak kalera ateratzeko eta espazio publikoa aldarrikapenez betetzeko. "Krisi honi eta etorriko denari guztion artean eta Euskal Herritik erantzun behar diogu", nabarmendu du.

Testuinguru horretan, Hamaika Gara ekimenarekin bat egin duten eragile sozial eta politikoek mobilizazioak deitu dituzte igande honetarako Euskal Herriko plazetan, "Hemen erabaki, herritarrok erabaki" lelopean.

Ekitaldiak 11:00etatik 14:00etara bitartean izango dira, eta herritar bakoitzak bere aldarrikapenak kartoi batean idatzita eramango ditu. Mobilizazioak segurtasun neurri zorrotzekin egingo dituzte, parte-hartzaile guztien osasuna bermatze aldera.

Bestalde, Gure Eskuk aitortu du Hamaika Gara ekimena martxan jartzeko "inbertsio ekonomiko handia" egin zuela eta koronabirusaren krisiaren ondorioz "zailtasunak" izaten ari direla. Hori dela eta, Gure Eskuri laguntzeko ekarpenak egiteko aukera dagoela gogoratu dute, egoera denontzat zaila dela jakin arren.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa Gure Esku Eguneko albisteak Albisteak