Politika -
Koronabirusa
Batzorde Iraunkorra apirilaren 17an elkartuko da hainbat proposamen eztabaidatzeko
Pandemiaren eragin sozioekonomikoa arintzea helburu duten EH Bilduren hiru ekimen eta Elkarrekin Podemosen beste bat izango dituzte aztergai.
agentziak | erredakzioa
Eusko Legebiltzarraren Batzorde Iraunkorra apirilaren 17an elkartuko da pandemiaren eragin sozioekonomikoa arintzea helburu duten EH Bilduren hiru ekimenen eta Elkarrekin Podemosen beste baten inguruan eztabaidatzeko.
Telematikoki egingo dute bilera, Eusko Legebiltzarraren Mahaiak gaur adostu duenez. EH Bilduk Batzorde Iraunkorra berriro biltzeko egindako eskaera onartu da horrela, jakinarazi du koalizioak berak.
Legebiltzarraren ordez martxan dagoen Batzorde Iraunkorraren saioan EH Bilduren hiru proposamen eta Elkarrekin Podemosen beste bat izango dituzte eztabaidagai. Azken horren kasuan, EH Bilduk oniritzia eman dio gai ordenean egon dadin.
EH Bilduren aldetik, enpresa txiki eta ertainentzako eta autonomoentzako neurri zehatzak eskatu ditu (atzerapen fiskala, gastu finkoak kentzea eta garai honetako galerak konpentsatzeko diru-funsta); osasun alorrean testak ugaritzea, Osakidetzako langile guztientzako babes materiala bermatzea eta larrialdi egoeraren ondorengo testuingurua prestatzea; eta zaharren egoitzen kasuan, testak ugaritzea, babes materiala bermatzea, eta zentro pribatuetan kontrol publikoa ezartzea.
Bestalde, Elkarrekin Podemosek egindako proposamenean baliabide urriko familiei gailu telematikoak ematea eskatzen da, etxe horietako haurrek Internet bidez jarrai dezaten ikasturtea.