Politika -
Koronabirusa
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Diputazio Iraunkorra eskatu dute, COVID-19agatik
EAEko PPk ekonomia suspertzeko euskal plana galdegin dio Urkullu lehendakariari, koronabirusaren krisiaren aurrean, "lidergoa Sanchezen esku ez utzita".
Agentziak | Erredakzioa
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Legebitzarrean dituzten taldeek Ganberako Diputazio Iraunkorra deitzea eskatzea adostu dute, koronabirusaren pandemiari aurre egiteko legez besteko hainbat proposamen eztabaidatzea helburu; besteak beste, EH Bilduk proposatu du COVID-19 gaitzagatik enplegua galdu dutenei diru-sarrerak bermatzeko sistemarako sarbidea "malgutzea". Halaber, EAEko PPk ekonomia suspertzeko euskal plana galdegin dio Iñigo Urkullu lehendakariari, "lidergoa Sanchezen esku ez utzita".
Hala, EH Bilduren partez, Maddalen Iriarte bozeramaileak 'streaming' bidezko agerraldia egin du. Esan duenez, EH Bilduk legez besteko hiru proposamen aurkeztu ditu, Diputazio Iraunkorrean eztabaidatzeko (azken erakunde horrek Legebiltzarreko osoko bilkura ordezkatzen du gaitasun-gabeko epeetan; hain zuzen ere, egungo epea horrelakoa da, hauteskunde-deialdiagatik), COVID-19 gaixotasunaren larrialdiagatik. EH Bilduren iritziz, beharrezkoa da "premiazko neurriak hartzea, krisi honetako ondorio negatiboei aurre egiteko"; izan ere, alderdien ardura da "konponbideak ematea".
Iriartek gogora ekarri du martxoan 11.000 bat langilek galdu dutela enplegua Euskadin, eta 150.000 langile aldi baterako erregulazioan daudela. Halaber, nabarmendu du langile gehienek maiatzera arte ezin izango dutela prestazioa kobratu, eta, kasu askotan, nahiz eta egoera oso ahulean izan, babes-sistema publikotik at geratuko dira, "laguntzak izateko baldintzak oso zorrotzak baitira".
Hori dela eta, koalizioak proposatzen du, lehenik eta behin, diru-sarrerak bermatzeko sisteman sartzeko baldintzak malgutzea, pandemiaren ondorioz enplegua galdu duten langile horiek laguntzak jasotzeko eskubidea izan dezaten, eta krisiaren ondorioak ahalik eta gutxien jasan ditzaten”. Horrela, azaldu duenez, aldi baterako lan-erregulazioren batek eragindako eta seme-alaba bat duten familiek “1.385,41 eurotik gorako diru-sarrerak izango lituzkete bermatuta; egun, 985,42 dituzte, hau da, 400 euro gutxiago”.
EH Bilduk erregistratutako legez besteko bigarren proposamena enpresa txiki eta ertainen eta autonomoen gainekoa da; izan ere, “beraiek ari dira sufritzen, beste inor baino gehiago, pandemiak sortutako krisi ekonomikoa". Horien diru-sarrerarik eza konpentsatzeko neurriak proposatzen ditu; hala, diru-sarrerarik ez bada, "gastuak ere ez izatea" proposatzen du. Horretarako, EH Bilduk planteatzen du "ez egin behar izatea aurre negozioaren gastu finkoei, ezta autonomoen kuotei ere, eta funtsa bat sortzea, epe honetako galerak konpentsatzeko, horien % 75 ere".
Osasun-sistemari dagokionez, Iriartek adierazi du arreta handiz jarraitu behar dela, "egiteko asko geratzen baita oraindik, test masiboak kasu", bai eta Osakidetzako langile guztiei babes-materiala bermatzea ere. Halaber, EH Bilduk "une honetatik" proposatzen du "diseinu eta plangintza bat", larrialdi-egoeraren osteko egoerako neurrietarako: "Balizko koiuntura guztiak aurreikusi behar dira, eta adinekoen egoitzetako egoerari heldu, orokorrean oso larria baita". EH Bilduk dio test masiboak egin beharko liratekeela egoitzetan, langileei eta erabiltzaileei, eta babes-materiala bermatu beharko litzaiekeela; horrez gain, arreta egokia ziurtatzeko, lan-taldeak indartu beharko lirateke.
Iriartek zehaztu duenez, Administraritzak, "zaintzako baldintza minimoak betetzen ez dituzten egoitza pribatuetan, esku hartu beharko luke".
Elkarrekin Podemosek "bultzada" eman nahi dio Jaurlaritzari, Diputazio Iraunkorra deituz
Elkarrekin Podemosek, bere aldetik, baieztatu du Diputazio Iraunkorra biltzea eskatuko duela, EH Bildurekin batera, "Eusko Jaurlaritzari bultzada eman ahal dioten neurriak eztabaidatzeko"; ohar batean, Jon Hernandez bozeramaile laguntzaileak aldeztu du beharrezkoa dela "Jaurlaritza kontrolatzeko ahalmena duen Legebiltzarraren alde egitea", eta Legebiltzarrak alarma-egoera honi heltzeko beharrezko gaitasuna izatea.
Elkarrekin Podemosek erregistratutako lehen ekimena legez besteko proposamen bat izan da; horren bidez, eskatzen dio Jaurlaritzari, "hezkuntza-arloan, Interneteko zerbitzua eta baliabide elektronikoak ikasleei bermatzeko, krisian zehar". Hernandezen esanetan, "eten digitala dago euskal gizartean, eta, berriro ere, klase-etena da hori"; ondorioz, "ezinbestekoa da ikasle guztiei ziurtatzea baliabide digitalak".
Hezkuntza Behar Bereziak dituzten ikasleen egoera nabarmendu du, gerora; izan ere, ikasle horiek "bereziki ari dira pairatzen eskolarik ez izatea". Elkarrekin Podemosek horientzako premiazko plana proposatu du, etxez etxeko laguntza emateko aukerak aztertuz; langileentzako segurtasun- eta babes-bermeak egon beharko lirateke, betiere. Horretaz gain, beste baliabide birtualen babesa ere izango lituzkete, "familiek profesionalen eta beste baliabide batzuen laguntza ere izanik".
PPk euskal plana eskatu du, ekonomia suspertzeko
Testuinguru honetan, EAEko PPk ekonomia suspertzeko euskal plana eskatu dio Iñigo Urkullu lehendakariari, pandemiaren aurrean, "lidergoa Pedro Sanchezen esku ez utzita". Gainera, eskatu dio EAJri ez egiteko igandean, Aberri Egunean, independentziaren aldeko hitzaldi sutsurik, eta ez zatitzeko, "krisian gaudela, guztionak diren ikurrak bereganatuz".
Ohar batean, Amaya Fernandez EAEko PPko presidenteak eskatu dio Urkulluri "kontuan hartzeko PSOEren eta Podemosen arteko Gobernua bultzatzea akatsa izan dela, eta hortik ikasteko; izan ere, Gobernuak enpleguaren aurkako politikak egiten ditu. Halaber, beste akats bat izan da azken euskal Aurrekontuak Elkarrekin Podemosekin batera diseinatu izatea".
PPko agintariak nabarmendu du Euskadik bizi duen egoerak galdegiten duela euskal erakundeek ez egitea bat PSOEren eta Podemosen Gobernuaren politika ekonomikoekin, "eraginkorrak ez direla frogatu baita".