Politika -
KORONABIRUSA
Otegi: "Ezinbestekoa ez den jarduera oro eten eta jendea etxean geratu behar da"
"Nork uler dezake, asteburu osoa etxean pasa eta gero, bihar milaka langile lanera joan behar izatea? Ezinbestekoa da konfinamendu osoa" adierazi du EH Bilduko idazkari nagusiak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak bideoa kaleratu du igande honetan COVID-19ari aurre egiteko "dena gelditu egin behar dela" adierazteko: "Ezinbestekoa ez den jarduera oro eten behar da eta jendea etxean geratu behar da" esan du.
"Gure herria zaintzeko gure herria gelditu egin behar da. Lehenbailehen har dezagun erabaki hau" defendatu du Otegik. Guztion ardura dela nabarmendu du eta "kostu ekonomikoa" izango duela, baina beharrezkoa dela, "zenbat eta beranduago hartu erabakia, kostu ekonomikoa ere handiagoa" izango delako.
"EH Bilduk komunitate zientifikoak eskatzen duenari kasu egiteko eskatzen du, edo Italia egiten ari denari, edo Munduko Osasun Erakundeak gomendatzen duenari. Ezin dugu gure jendearen osasunarekin jolastu" hausnartu du.
Otegi kezkatuta agertu da "koronabirusaren zabalkundea geldiarazten ari ez delako" eta ildo horretan, "alarmismorako garaia ez dela" nabarmendu du eta "bai jarrera arduratsua izateko" eta Munduko Osasun Erakundearen gomendioak zehatz-mehatz betetzeko.
Langileen kezkak eta beldurrak bere egiten dituela esan du: "Nork uler dezake, asteburu osoa etxean pasa eta gero, bihar milaka langile lanera joan behar izatea? Ezinbestekoa da konfinamendu osoa" adierazi du EH Bilduko idazkari nagusiak.
"Gure iritziz, interes ekonomikoa osasun publikoaren aurretik jartzen ari dira" esan du Otegik.
"Hau oso serioa da, ezin dugu jendearen osasunarekin jolastu. Badakigu produkzioa eta osasunaren arteko debate bat dagoela eta EH Bildutik uste dugu osasuna dela lehenengoa".
Atzo, LAB sindikatuak ere oinarrizko zerbitzuak bakarrik mantentzearen alde egin zuen eta langileak "planto egitera" animatu zituen euren lan postuetara COVID-19aren aurkako oinarrizko segurtasun eta osasun neurririk gabe itzultzera derrigortzen badituzte.