Politika -
Zaldibarko luizia
Arriola: "Enpresa da zabortegiaren segurtasunaren erabateko arduraduna"
Sailburuak, lehendakariarekin eta sailburu batzuekin, agerraldia egin du, Jaurlaritzaren kudeaketa azaltzeko; ezegonkortasuna "neurri konplexuak" ari da eskatzen, Beltran de Herediaren hitzetan.
Agentziak
Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailburu Iñaki Arriolak ziurtatu duenez, Verter Recycling SL enpresa da otsailaren 6an luizia izan zuen Zaldibarko zabortegiaren "segurtasunaren erabateko arduraduna". Arriolak agerraldia egin du astearte honetan, Iñigo Urkullu lehendakariarekin eta Eusko Jaurlaritzako beste sailburu batzuekin batera, Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean, Jaurlaritzaren lur-jausiaren osteko kudeaketa azaltze aldera; agerraldi horretan bertan, Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak adierazi du zabortegiko ezegonkortasuna "neurri konplexuak" ari dela eskatzen, lurperatuta jarraitzen duten bi langileak "segurtasunez" topatu ahal izateko.
Osasun sailburu Nekane Murgak eta Lan eta Justizia sailburu Maria Jesus San Josek ere egin dute agerraldia. Murgak nabarmendu du ulertzen dituela "herritarren zalantzak", bai eta horien "ezinegona" ere, baina, ziurtatu duenez, "ez gaude alerta-egoeran"; San Josek azaldu du Eusko Jaurlaritzak jarraipena egingo diela luiziaren osteko erreskate-lanetan ibilitako langile guztiei, alegia, amiantok eragindako arriskuaren mendean egondako beharginei.
Iñaki Arriolak zehaztu du 2019ko udan ikuskapen "zehatza eta zorrotza" egin ziotela zabortegiari, eta 23 "desbideratze" antzeman zituztela, baina bat ere ez zela larria, eta gainera ez zutela loturarik egonkortasunarekin. Adierazi duenez, "kontrakoaren zantzurik topatu izan balitz, beharrezko neurriak hartuko ziren, eta beharrezko premiarekin".
Sailburuak onartu du "desbideratze-kopurua altua" izan zela, baina nabarmendu du desbideratzeak ez zirela "esanguratsuak edo larriak". Hortaz, ziurtatu du ez zegoela arrazoirik "pentsatzeko zabortegiak egonkortasun-arazorik" zuela, "eta, are gutxiago, tamalez hilaren 6an izandakoa bezalako luizirik gerta zitekeela aurreikusteko".
Arriolaren esanetan, 2017an eta 2018an egindako kontrol topografikoetan "aipamenen bat egiten zitzaion ezegonkortasunari, oso lausoa eta zehaztu gabekoa". Horien ostean, enpresak ez zuen aparteko neurririk hartu.
Zehaztu du zabortegia hasieran aurreikusi baino arinago ari zela betetzen, baina argitu du ez dagoela horretarako legezko mugarik: "Ustiapen Plan zuzena egon behar da, eta Inguru Aginte Integratua betetzeko beharra dago; horrek egiten du enpresa erabateko arduraduna izatea zabortegiaren segurtasunean eta egonkortasunean".
BIDEOA | Arriola: ''Zabortegiaren egonkortasunaren arduraduna enpresa da''
Beltran de Heredia: "Ingeniaritza zibileko neurri konplexuak"
Bere aldetik, Estefania Beltran de Herediak adierazi du "ingeniaritza zibileko neurri konplexuak" ezarri behar izan dituztela, luiziaren osteko ezegonkortasun handiagatik. Neurri horien helburua izan da sartzea, ahalik eta arinen eta segurtasun osoz, desagertuta dauden langileak topatzeko aukerarik gehien dagoen gunera, "familien nahia, alegia, gorpuak berreskuratzea, gure egiteko".
Azaldu du hasiera batean pentsatu zutela sei langile zeudela arriskuan, baina gerora lau telefonoz topatu zituzten; beste bi telefonoek, aldiz, jotzen zuten, "baina erantzunik ez zen egon".
Sailburuak ziurtatu duenez, "segituan osatu zen krisi-mahai operatiboa", eta bera Zaldibarrera joan zen. Desagertutako langileen lankideen informazioaz baliatuta, "bilaketa-lanak hasi ziren, larrialdi-baliabide guztiak mobilizatuta".
Beltran de Herediak gogora ekarri du bilaketa-lanetan "oztopo handia" sortu zela hasieran, alegia, lurraren ezegonkortasuna. Horren ondorioz, bi familia euren baserrietarik atera zituzten, eta geologo bat mobilizatu zuten, egoera azter zezan.
Beste "zailtasuna" izan zen amiantoa zegoela; sailburuak esan du enpresako inork ez ziela aipatu, hasierako elkarrizketetan, larrialdietako zerbitzuei "zabortegian amiantoa zuten eraikuntza-materialak zeudela". Bertaratu zen lehen teknikariak zehaztu zuen kartel bat zegoela, eta kartel horretan abisatuta zegoela "arriskutsuak ez ziren hondakinak" zeudela hondakindegian: "Hortaz, lehen orduetan, bilaketa-lanak egiten izan ziren langileek ez zuten horren berri izan".
Azaldu duenez, gerora, adostu zuten neurri prebentiboak luizia gertatu zen puntutik 50 metrora arteko inguruko langile guztiei ezartzea: "Beharrezko neurriak hartzen hasi ginen, bi desagertuak topatzeko lanetan izandako beharginekin, bai eta erabilitako ibilgailuekin eta materialarekin ere". Hortaz, "material egokiekin" hasi ziren berriro lanean, "baina, denborak aurrera egin ahala, lurraren ezegonkortasunaren gaineko albisteak gero eta kezkagarriagoak ziren; horren ondorioz, erabaki zen bilaketa bertan behera uztea, gauerdian. Larunbatean berriro hasi ziren, baina ezegonkortasun-adierazleak gero eta txarragoak ziren, eta euria egiten hasi zen, gainera".
"Hortaz, erabaki zaila baina saihestezina hartu behar izan zen: azaleko bilaketa bertan behera uztea, eta beste aukeraren bat topatzen saiatzea", azaldu du Beltran de Herediak.
"Astelehenean", esan du, "geologoen txostena erabakigarri bilakatu zen", eta barneratu zuten hiru puntu uztartu behar zituztela: ezegonkortasunaren arazoa, sutea itzaltzeko lanak eta bilaketa- eta erreskate-lanak: "Hasieran uste baino askoz ere zailagoa zen", nabarmendu du.
BIDEOA | ''Enpresarekin izandako hasierako harremanetan inork ez zuen amiantorik aipatu''