Politika -

Lur-jausia

Zaldibarko zabortegiko enpresak agintariekin elkarlanean ari dela esan du

Verter Recycling 2002 SL enpresako bozeramaileak esan duenez, beraiek dira hondakindegiaren egitura eraistearen arrazoiak ezagutzeko interesa duten lehenak.

Zabortegiak industriako eta eraikuntzako hondakin ez-arriskutsuak jasotzen zituen. Argazkia: EFE
Bi ertzain zabortegiko sarreran, istripuaren ondoren
Verter Recyclingek ez du argitzen luizia izan aurretik pitzadurak agertu ziren ala ez

1:18

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Verter Recycling 2002 SL enpresak, Zaldibarko zabortegiaren jabeak, asteazken honetan esan duenez, "hasieratik" gertakaria ikertzen ari diren agintariekin elkarlanean aritzeko borondatea izan du, eta haien esanetara dagoela adierazi du, "eskatzen diguten informazio guztia emateko".

Hala ziurtatu du enpresaren kanpoko bozeramaile batek, prentsa kabinete bat kontratatu baitu. Bozeramaile horren arabera, enpresako baliabide guztiak jarrita daude gaur egun "desagertutako bi langileak aurkitzeko eta haien gorpuak senideei eman eta haien familiak artatu ahal izateko".

Gaineratu duenez, enpresa ikertzen ari da, eta gertatutakoari buruzko informazio guztia biltzen, baina ohartarazi du ez dutela publiko egingo, eta ez dituztela baloratuko komunikabideetan agertzen diren berriak.

Enpresaren arabera, industriako eta eraikuntzako hondakin ez-arriskutsuei zerbitzua eman die zabortegiak, horretarako nahitaezko lizentzia guztiak lortu zituenetik. Gainera, hondakinen sarrera guztiak erregistratuta eta agintarien eskura daudela esan dute.

Iaz Eusko Jaurlaritzak eskatu zizkien hobekuntzei buruz galdetuta, "unean uneko kontuak" izan zirela esan du, eta "aplikazio prozesuan geundela" gaineratu du. "Txostenek inola ere ez zuten auzitan jartzen zabortegiaren egituraren egonkortasuna", adierazi du.

Enpresaren lankidetza "txikia" izan dela argudiatuta "arduradun politikoek egindako adierazpenei erantzutea" ukatu du enpresako bozeramaileak; Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak asteazken honetan Radio Euskadin egindako adierazpenen harira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Politika Bizkaia Eusko Jaurlaritza Eguneko albisteak Albisteak Zaldibar Ingurumena Enpresaburuak Mendi-magaletako lur-jausiak Durangaldea azken ordukoa