Politika -
2020-ko aurrekontuak
EH Bilduk uste du EAJk eta Elkarrekin Podemosek ixtear dutela aurrekontuen ituna
Maddalen Iriarte legebiltzarkidea Pedro Azpiazu sailburuarekin bildu da arratsalde honetan, 2020ko aurrekontuak negoziatzeko aukerarik ote dagoen aztertzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EH Bilduren iritzian, Eusko Jaurlaritzak eta Elkarrekin Podemosek "oso aurreratuta" daukate 2020ko aurrekontuak onartzeko ituna, "dagoeneko akordioa itxita ez badago".
Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburua Maddalen Iriarte EH Bilduren bozeramailearekin bildu da arratsalde honetan, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak babesteko negoziazioa abiatzeko aukeraz hitz egiteko.
Batzarra amaituta, Iriartek esan du proiektu horretan "aldaketa sakonak" egiteko aukera badago, negoziatzeko prest egongo dela koalizio soberanista.
Alabaina, "makillaje operaziorik" onartuko ez dutela eta "kromoak trukatzeko joko batean" sartuko ez direla azpimarratu du.
EH Bilduren iritzian, Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen aurrekontu-proiektuak ez die Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarren beharrizanei erantzuten. "Aurrekontu berdeak, feministak eta sozialak behar ditugu, eta aurrekontu honek ez ditu langileen eta pentsionisten beharrizanak asebeteko", erantsi du Iriartek.
Jaurlaritza aldaketa sakon horiek egiteko prest baldin badago, EH Bildu negoziatzeko eta akordioetara heltzeko prest egongo dela ziurtatu du.
Nolanahi ere, Iriarte ezkor agertu da. Jaurlaritza eroso ikusten du Elkarrekin Podemosekin negoziatzen eta, ildo horretan, gogora ekarri du Azpiazuk berak publikoki adierazi zuela talde parlamentario hori gainerakoen aurretik dagoela negoziazio prozesuan.
Halaber, Iriartek Elkarrekin Podemosen jarrera kritikatu du eta bere babesa "merke" saldu izana egotzi dio. "Eusko Jaurlaritzak opari batekin egin du topo", adierazi du.
Iriarteren ustez, EAJ, PSE-EE, Podemos eta Equo Espainiako Gobernuko presidente berriaren inbestidura saiora begira ari dira, Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren beharrizanak lehenetsi beharrean.
"Aurrekontu hau ezin daiteke inbestidurarako trukerako txanpona izan; aurrekontuak herritarren beharrizanak erantzuteko dira", nabarmendu du Iriartek.
Bestalde, EH Bilduk Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu-proiektua aldatzeko proposamena aurkeztuko du datozen egunetan. Azpiazuk esan du dokumentua jasotzen dutenean aztertu egingo dutela, "betiere aurrenkontuaren eta Eusko Jaurlaritzaren eskumenen baitan".