Politika -
Jaurlaritzaren inkesta
EAJk irabaziko lituzke A28ko hauteskunde orokorrak Euskadin, Soziometroaren arabera
Galdeketak jasotzen duenez, jeltzaleek 6 diputatu eskuratuko lituzkete; PSE-EEk, lau; Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk, hiruna, eta PPk bi. Cs eta Vox ordezkaritza gabe geratuko lirateke.
EITB.EUS
Hauteskunde orokorrak gaur egingo balira, EAJk irabaziko lituzke Euskadin, sei diputatu eskuratuta —gaur egun dituenak baino bat gehiago—, Eusko Jaurlaritzaren Soziometroak jasotzen duenez.
PSE-EE izango litzateke bigarren indarra, lau ordezkarirekin —2016an eskuratutakoak baino bat gehiago—. Elkarrekin Podemosek, berriz, duela hiru urte erdietsitako babesa erdira murriztuko luke, 6tik 3ra jaitsita. Eserleku kopuru bera izango luke EH Bilduk ere. Alderdi Popularrak, bestalde, egun dituen bi ordezkariei eutsiko lieke. Inkestaren arabera, Ciudadanosek (Cs) eta Voxek ez lukete aulkirik lortuko Kongresuan.
Galdeketa martxoaren 25etik 28ra egin zuten, 1.500 pertsona telefono bidez elkarrizketatuta.
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, sozialistak izango lirateke garaile Araban, botoen % 22,3 eta eserleku bat eskuratuta. EAJ litzateke bigarrena, botoen % 20,1 eta diputatu bat jasoko bailuke. Elkarrekin Podemosek beherakada nabarmena izango luke, 2016ko hiru ordezkarietatik bi galduta (botoen % 19,6 eta eserleku bat). PP laugarren postura jaitsiko litzateke (botoen % 15,3) baina ordezkari bati eutsiko lioke. EH Bildu bosgarren indarra izango litzateke, baina ez luke diputaturik erdietsiko Araban. Ciudadanosek eta Voxek (botoen % 5,3 eta % 3,3, hurrenez hurren) ere ez lukete ordezkaritzarik lortuko. 2016an Elkarrekin Podemos izan zen Araban garaile.
Bizkaian, EAJk irabaziko lituzke bozak, 2016ko emaitzak hobetuta, botoen % 31,4 eta 3 eserleku (egun baino ordezkari bat gehiago). PSE-EEk ere emaitzak hobetuko lituzke, botoen % 13 eta bi ordezkari lortuta (egun baino ordezkari bat gehiago). Emaitzok, baina, Elkarrekin Podemosen kaltetan izango lirateke, hiru ordezkari izatetik bakarrera pasatuko litzatekeelako. EH Bilduk eta PPk, berriz, 2016an lortutako ordezkariari eutsiko liokete.
Gipuzkoan, jeltzaleak izango lirateke garaile, botoen % 26 eta gaur egun dituzten ordezkariei eutsita (2 diputatu). EH Bilduk botoen % 20,5 jasoko lituzke, eta, hori dela eta, 2 eserleku eskuratuko lituzke (2016an baino bat gehiago). Elkarrekin Podemosek behera egingo luke, botoen % 19,1 jaso eta ordezkari bakarra eskuratuta. PSE-EEk egun duen diputatuari eutsiko lioke, eta PPk, 2016an bezala, ez luke ordezkaririk lortuko.
Soziometroaren emaitzak bat datoz EiTB Focusek egindako azken inkestarekin, Elkarrekin Podemosentzat eta PPrentzat iragarritako eserleku banaketari dagokionez salbu; izan ere, EiTBren galdeketak lau ordezkari aurreikusten zizkion koalizio moreari eta bakarra PPri.