Politika -

Txinan

Uriartek euskal Lanbide Heziketa sustatu du Txinan

Hezkuntza sailburuak "lankidetza lerro berriak" ezarri nahi ditu euskal unibertsitateentzat Tianjinen dauden goi-mailako irakaskuntza zentroekin.

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza-Politika eta Kultura sailburua, Txinan. EiTB
Cristina Uriarte
Uriarte Txinako hezkuntza ordezkariekin izan da

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak hainbat bilera izan ditu Pekin eta Tianjin hirietako hezkuntza arloko zenbait ordezkari instituzionalekin, Txinara egiten ari den bidaia ofizialaren baitan, eta euskal Lanbide Heziketa eta unibertsitateak sustatu ditu.

Tianjingo unibertsitate gunean kokaturik dagoen AFZ izeneko Txina iparraldeko Lanbide Heziketako zentro nagusiko arduradunekin bildu da Uriarte. Egun, 9.000 ikasletik gora dituen zentro horrek harreman estuak ditu Euskadirekin, CSMC zentro elkartuaren bitartez.

Hamar urtetik gorako lankidetzaren ondoren, joan zen urritik hona, Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuari (IMH) esker, AFZko ikasleak, lehen aldiz, "Goi mailako teknikaria fabrikazio mekanikoko ekoizpen programazioan" zikloa egiten ari dira. Ziklo hori Euskadiko Lanbide Heziketari zuzenean lotuta dago, hezkuntza ereduaren egituratik hasi eta curriculum materialetaraino, zentroko irakasleen prestakuntza ahaztu gabe.

Cristina Uriartek ituna berretsi du Tianjingo Lanbide Heziketako arduradunekin, IMHko kideekin eta Makina Erreminta Fabrikatzaileen Elkarteko (AFM) zuzendariekin batera. Ekimen horri esker, IMHko euskal gazteek praktikak egin ahal izango dituzte Txinako enpresetan, eta Asiako herrialde hartan kokaturik dauden euskal enpresek langile kualifikatuak kontratatzeko aukera izango dute.

Uriartek nabarmendu du "garrantzitsua" dela "Euskadiko Lanbide Heziketa marka esportatzen jarraitzea prestakuntzaren aldeko apustu sendoa egiten duten lurraldeetara". "Euskadi 2015 Lanbide Heziketa estrategiaren lehentasunetako bat kanpora proiektatzen gaituzten itunak bultzatzea da, beren potentzialtasunagatik erakargarri diren lurraldeekin harremanak estutzeko balio diezaguten, bai gure esperientziak transmititzeko eta bai haienak jasotzeko", adierazi du.

Unibertsitateak

Lanbide Heziketaren inguruko harremanak bultzatzeaz gain, Hezkuntza sailburuak bilera izan du Tianjingo Zientzia eta Teknologia Unibertsitateko arduradunekin ere.

Bilera honekin, euskal unibertsitate sistemak bere harremanak estutzea nahi du Eusko Jaurlaritzak -Tianjingo zenbait unibertsitaterekin dagoeneko harremanak baititu euskal unibertsitate sistemak-, goi mailako euskal irakaskuntza eredua esportatuz eta lankidetza lerro berriak ezarriz euskal unibertsitateekin, bereziki irakaskuntza teknikoei eta teknologia-transferentziari dagokienean.

Tianjingo Udala

Azkenik, Tianjin hirian izaten ari den eraldaketa akademikoa eta prestakuntzakoa hobeto ezagutzeko asmoz, Cristina Uriarte Tianjingo hiri autonomoko arduradunekin ere elkartu da. Probintzia baten pareko maila duen hiri honek -hezkuntza arloa arautzeko ahalmena du- Txinako eta Asia guztiko gune akademiko nagusienetako bihurtzea du helburu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak EAE albisteak Lana albisteak Gaurko titularrak Albisteak Hezkuntza LH azken ordukoa