Mundua -

Koronabirus

Bruselak covid pasaportea aurkeztu du, EBn barrena bidaiak ahalbideratzeko asmoz

Ziurtagiri berde digitala doakoa izango da eta QR bat bidez egiaztatu ahal izango da bidaiariak txertoa jaso duen, antigorputzak dituen edo PCR negatiboa duen.

Ziurtagiri berde digitala doakoa izango da. Argazki: EFE
Emakume bat Europako aireportu batean.
Covid pasaportea ezartzeko egitasmoa aurkeztu du Europar Batasunak

1:18

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Batzordeak osasun-pasaportea aurkeztu du asteazken honetan, Ziurtagiri Digital Berdea izenekoa, pandemiak irauten duen bitartean Europar Batasunean (EB) bidaiak modu seguruan sustatu eta errazteko.

Ziurtagiria doakoa izango da, formatu digitalean edo paperean eskuratu ahal izango da, eta QR bat izango du, hainbat informaziorekin, hala nola pertsona horrek txertoa jaso duen, antigorputzak dituen edo PCR proba negatiboa duen.

Hiru aukera horiekin, helburua inor ez baztertzea da; izan ere, oraindik txertoa hartzeko aukerarik izan ez duten pertsonek edo uko egin diotenek PCR batekin edo antigenoen test batekin frogatu ahal izango dute zein osasun-egoera duten. Hortaz, bidaiari guztiek eskubide berberak izango dituzte.

Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak esan du "estatu kideei mugitzeko askatasuna modu fidagarrian berrezartzen lagundu" nahi dietela.

Europako Batzordearen proposamenaren arabera, Sendagaien Europako Agentziak baimendutako txertoak soilik hartuko dira kontuan, baina EBko herrialdeek beste sendagai batzuk onartu ala ez erabaki ahal izango dute, Sputnik V errusiarra edo Sinopharm txinatarra kasu.

Ziurtagiriak bi hizkuntzatan jasoko du informazioa, ematen duen estatu kideko hizkuntza ofizialean eta ingelesez, EBko herrialde guztietan aintzatespena bermatu ahal izateko, eta QR kode baten bidez edo paperean erakutsiko da, telefono adimendunik ez dutenentzat.

Era horretara, Bruselak EBko herrialdeetan bidaiak sustatu nahi ditu, baita Norvegian, Suitzan eta Lichtensteinen ere, eta gobernuei eskatu die ziurtagiri digitala duten pertsonak helmugara iristen direnean berrogeialdirik ez gordetzeko eta PCR testik ez egiteko. Hala ere, betebehar horiei eutsiz gero, erabakia justifikatzeko eskatu die Bruselak herrialdeei.

Proposamenak estatu kideen eta Europako Parlamentuaren oniritzia jaso behar du oraindik.

Espainiako Gobernuak erkidegoen elkarlana eskatu du

Bestalde, Carolina Darias Osasun ministroak gaur arratsaldean jakinarazi duenez, covid pasaportea martxan jartzeko aldebiko bilerak egiteko eskatu die Espainiako Gobernuak erkidegoei.

Lurraldeen arteko Osasun Batzordearen ostean egindako agerraldian, Dariasek berretsi du ziurtagiri digitalaren asmoa mugikortasuna ahalbidetzea dela: "Ez dago beste asmorik horren atzean, herritarrei mugikortasuna erraztea, eta, bide batez, erabiltzaileari bere osasunari buruzko informazioa eskaintzea".

Udan Europar Batasunean mugikortasuna baimentzea eta Aste Santuan erkidegotako mugak itxita egotea kontraesana ote den galdetuta, Dariasek esan du osasun-pasaportea udarako egongo dela martxan eta ordurako "biztanleriaren zati handi batek" txertoa hartuta izango duela azpimarratu du.

"Garai ezberdinak dira eta txertaketa prozesuaren egoera ere beste bat izango da", erantsi du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Brusela Europa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Bidaiak Txertoak Koronabirusa Covid pasaportea