Gizartea -
udaberria
Pinu-beldarrak goizago ekin dio aurtengo prozesioari, eta txakurren jabeak erne dira
Soinean dituzten 500.000 ile pozoitsuak arriskutsuak izan daitezke gizakientzat, baina, batik bat, maskotentzat. Zer egin gure txakurrek intsektu horien larruazala ukitzen badute, edo, okerrago, ahora sartzen badute?
A. SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Hasi da pinu-beldarraren prozesioa Euskal Herrian. Hotz-aroaren ondotik, udaberriarekin batera jaitsi ohi dira beldarrak pinuetatik behera. Aste honetan giro freskoa eta umela izan badugu ere, negua ohi baino epelagoa eta lehorragoa izan da, eta lehenago ikusi ditugu prozesionariak gure herrietako parke eta lorategietan. Baina arriskutsuak al dira gizaki eta maskotentzako? Eta naturari kalterik eragiten al diote?
Pinuen adarretan habiak sortzen dituzte pinu-beldarrek, eta hotzaren poderioz jaitsi egiten dira beren buruak lurperatzeko eta garapen prozesua amaitzeko, eta udaberri garaian kaleetan beldar ilara luzeak ikustea ohiko bihurtu da azken boladan. Horregatik, kontu handiz ibili behar da maskotekin paseoan gabiltzanean.
Izaki txiki baina oso arriskutsu horiek aurkitzeko hilabeterik egokienak martxotik apirilera bitartekoak dira, baina egia da gero eta goizago agertzen direla. Udaberri epelagoek larben garapena bizkortzen dute eta azken urteetan gero eta errazagoa da hirigune, parke eta lorategietan ikustea.
Prozesionaria arriskutsua da gizakientzat zein maskotentzat. Soinean 500.000 ile inguru dituzte, gezi pozoitu txikien antza dutenak; izan ere, toxina bat dute, eta pertsonen azalean, begietan eta arnasbideetan erreakzio alergikoak eragin ditzake. Beldar horiekin edo askatzen dituzten ileekin kontaktu zuzena izateak narritadura, azkura, gorritasuna eta hantura eragin ditzake larruazalean, baita konjuntibitisa eta arnasteko zailtasunak ere, kasu larriagoetan.
Maskoten kasuan, kalteak handiagoak dira. Beldarrekin jolasean dabiltzala, kosk egin edo jaten badituzte, arazo gastrointestinal larriak izan ditzakete, hala nola gorako eta beherakoak, irensteko zailtasunak eta ahoan eta eztarrian hantura. Kasu larriagoetan, arnas sisteman eta barneko organoetan ere kalteak eragin ditzake, eta hilgarriak izatera ere hel daitezke, behar bezala tratatzen ez badira.
Testuinguru horretan, funtsezkoa da prebentzio neurriak hartzea beldar horiekin kontakturik ez izateko, bai pertsonek, bai maskotek. Nolanahi ere, kontakturik izanez gero, maskoten kasuan komenigarria da beldarra ukitu duen gunea ur epelarekin garbitzea eta lehenbailehen albistariarengana joatea.
Gero eta pinu-beldar gehiago dago azken aldian, eta prebentzioa eta kontrolak ere areagotu egin dira, nahitaez. Herri batzuetan, adibidez, prozesionariei aurre egiteko tranpak jartzen dituzte. Orio da horren adibidea, 2018az geroztik pinu-beldarrak harrapatzeko tranpak jartzen baitituzte.
Zuhaitzetako zetazko poltsa zuriak utzi eta beldarrak zuhaitz-enborretatik behera jaisten hasten direnean jartzen dira aipatu tranpak, lurrera irits ez daitezen, eta garapen prozesua amaitzeko.