Gizartea -
Talde kriminala
Ertzaintzak lau pertsona atxilotu ditu etxebizitzak lapurtzen espezializatutako talde bateko kide izateagatik
Etxebizitzetan lapurretak egiten dituen talde antolatu bat da, eta azken hilabeteotan Araban, Nafarroan, Kantabrian eta Asturiasen dozenaka lapurretatan parte hartu izana leporatzen diote.
EITB Media
Ertzaitzak lau pertsona atxilotu ditu Bilbon eta Bermeon azken hilabeteetan penintsula iparraldeko etxebizitzetan izan diren lapurretekin zerikusia izan dezaketelakoan. Gainera, eginbideak ireki dizkie beste bi laguni.
Ikerketa iaz Arabako zenbait etxebizitzetan izandako lapurreten ondoren hasi zen. Ikerketaren arabera, lapurreta horietan Bizkaiko hiriburuan bizi ziren hainbat pertsonek parte hartu zuten, eta talde kriminal bateko kide ziren.
Lehen hiru atxiloketak astearte honetan izan dira Bilbon, eta laugarrena ostiralean Bermeon. Gainera, bi lagun ikertzen ari dira.
Ertzaintzak etxebizitza bat miatu du, eta bertan hainbat ebidentzia jaso dituzte, horien artean, bitxiak, gailu elektronikoak, eskudirua eta aipatutako lapurretekin lotutako tresnak.
Polizia-operazioari "Jauzilari" deitu diote, lapurretak egiteko taldeak erabiltzen zuen moduarengatik. Lapurretak bizitza bakarreko etxibizitzetan egiten zituzten, hesiaren edo hormaren gainetik jauzi eginda. Lapurretak normalean ilunabarrean egiten zituzten, etxeetako argiaren arabera barruan norbait zegoen edo ez jakiteko aukera baitzuten.
Atxilotuak agintari judizialaren eskuetan jarri dituzte. Operazioak zabalik jarraitzen du.