Gizartea -

EGURALDIA

Bero errearen ondotik gaur tenperaturak nabarmen jaitsi dira, Arabako Errioxan eta Erriberan salbu

Hala ere, gaua oro har tropikala izan da eta 20 gradutik gorako tenperaturak neurtu dira Euskal Herriko hainbat tokitan. Arabako Errioxan eta Erriberan abisua horia ezarri dute beroagatik, 36 gradurainoko maximoak espero baitira.

Beroa egingo du gaur ere Toloñon, Bastidan. Argazkia: Iñaki Zenitagoia
Beroa egingo du gaur ere Toloñon, Bastidan
Beroa egingo du gaur ere Toloñon, Bastidan. Argazkia: Iñaki Zenitagoia

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo Euskal Herriko hainbat estaziotan inoizko tenperatura altuenak erregistratu ondoren (40 gradutik gora), beroa apaldu egingo da ia lurralde osoan. Hala ere, hegoaldean abisu horia ezarri dute beroagatik.

Zehazki, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak abisu horia aktibatu du iragan gauerdian hasi eta 20:00ak arte Ebro ibarrean (Arabako Errioxa), tenperatura altuengatik. Izan ere, tenperatura maximoak 33 graduraino iritsi daitezke.

Nafarroako Erriberan ere beroari dagokion abisu horia ezarri du Aemetek (13:00etatik 21:00etara), inguru horretan tenperaturak 36 graduraino igotzea aurreikusi baitu. Halaber, Erriberan, erdialdean eta Pirinioetan abisu horian egongo dira (13:00etatik 00:00etara), ekaitz arriskuagatik.

Bizkaian, Gipuzkoan eta Arabako zati handienean tenperatura asko jaitsiko da. Ipar-mendebaldeko haizeak aire-masa freskoa ekarriko du, eta, horren ondorioz, tenperatura maximoak leku askotan igandekoak baino 12-14 gradu baxuagoak izango dira. Isurialde atlantikoan goizak aurrera egin ahala zerua lainotuz joango da eta euri pixka bat egin dezake. Arratsaldetik aurrera hegoaldetik bero-hodeiak agertuko dira eta baliteke zaparradak eta ekaitzak izatea.

Hala ere, gau tropikala izan da Euskal Herrian, tenperatura minimoak ez baitira 20 gradutik jaitsi hainbat tokitan. Euskalmetek zabaldutako datuen arabera, EAEko hiriburuen artean Zorrotzako estazioan neurtu dute tenperaturik altuena, 22,4 gradurekin, Donostiako Miramon (20,9 gradu) eta Gasteizko Abetxuko (18,8 gradu) estazioen aurretik. Hala ere, tenperaturarik altuena Paganoseko estazioan erregistratu dute (23,8 ºC) eta baxuena, berriz, Karrantzako Cerroja estazioan (14,7 ºC).

10 graduko tenperatura jaitsiera, galernagatik

Igandeko bero-bolada bortitzaren ostean, enbata sartu zen Bizkaiko kostaldetik eta tenperaturek behera egin zuten. Zehazki, Galean 39 ºC-tik 31 ºC-ra jaitsi zen tenperatura 10 minutuan.

Haizeak mendebal ipar-mendebaldera egin zuen Galean, 63 km/h-ko boladarekin, eta tenperatura 24 gradura jaitsi zen.

Enbata Bilbora ere heldu zen. Zorrotza izan zen tenperaturen jaitsiera nabaritu zuen lehenengo auzoa. Tenperaturek, hain zuzen, 40 ºC-tik, 36 ºC-ra jaitsi ziren lehenengo ordubetean.

Abuztuaren 11n tenperatura maximoen markak gainditu dira, 40 gradutik gorako balioekin

Atzokoan, beroari dagokion alerta laranja Euskal Herri osora zabaldu zen eta hainbat udalerritan 40 gradutik gorako tenperaturak neurtu zituzten. Osakidetzako osasun etxeetan 20 pertsona artatu behar izan zituzten, bero kolpeengatik. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldutako datuen arabera, Bizkaian artatu dituzte pertsona gehien, 13, 4 Gipuzkoan eta 3 Araban. Gainera, ospitaleetara eta osasun etxeetara egin dituzten lekualdatze guztiak Bizkaian izan dira (7). Sintoma ohikoenak zorabioak, dardarak, nekea eta desorientazioa izan dira. 

Tenperaturak Laudion goia jo zuen, Gardeako estazioan 42,8 graduko tenperatura neurtu baitzituzten. Bizkaian, Sudupe izan zen estaziorik beroena (42,6 gradu), Sestaoko Galindo estazioaren (42,4 gradu) eta Galdakaoren aurretik (42 gradu). Gipuzkoan Arrasate (41,4 ºC) eta Azpeitia (41,4 ºC) nabarmendu ziren. Halaber, Araban azpimarratzekoa da Herrerako mendatean, 1.188 metrotan, 31,4 graduraino iritsi zirela.

40 ºC-tik gorako tenperaturak neurtu dira Euskadiko hainbat puntutan
40 ºC-tik gorako tenperaturak neurtu dira Euskadiko hainbat puntutan
40 ºC-tik gorako tenperaturak neurtu dira Euskadiko hainbat puntutan

0:41
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Getxo albisteak Azken ordukoa Bizkaia Gipuzkoako albisteak Albisteak Nafarroa Araba EAE albisteak Eguraldia Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea