Gizartea -
Bizkaia
Antxoaren biomasa 143.000 tonakoa da Bizkaiko golkoan, batez besteko historikoaren gainetik
Azti euskal zentro zientifikoak egindako ikerketa baten arabera, antxoak "egoera onean" jarraitzen du. Amaia Barredoren hitzetan, horrek "Euskadiko arrantza-sektorearen jasangarritasunaren alde egin dugun apustua balioesten du".
Agentziak | EITB Media
Azti euskal zentro zientifikoaren esanetan, antxoaren biomasa Bizkaiko golkoan 143.000 tonakoa da. Hain zuzen ere, espezie horren jasangarritasuna bermatzen duen batez besteko historikoaren gainetik dago beraz.
Eusko Jaurlaritzak larunbat honetan jakitera eman duenez, "Bioman" ikerketa zientifikoaren behin-behineko emaitzak dira. Horren arabera, datuek argi adierazten dute antxoak "egoera onean" jarraitzen duela gure lurraldean, gogoan izanda arrantzarako eta ekonomiarako Kantauri itsasoko "baliabide garrantzitsuenetarikoa" dela.
Testuinguru horretan, Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak datu horien inguruko balorazioa egin du.
Horren hitzetan, "Aztiren datuen arabera, antxoaren iraunkortasuna bermatuta dago, argi baitago populazioaren muga biologikoa markatzen duen 21.000 tonatik gora. Are gehiago, azkenaldiko datuek nabarmen gainditzen dute kanpaina honek 1987an hasi zenetik dokumentatu duen 80.000 tonako batez besteko historikoa".
"Albiste bikaina da, eta urte askotan ingurumenaren eta Euskadiko arrantza-sektorearen jasangarritasunaren alde egin dugun apustua balioesten du, Euskadin 3.500 pertsona baino gehiagori lana ematen dion baliabide bat izanik", azpimarratu du sailburuak.
"Datu hauekin datorren denboraldiko kostera ziurtatzen dugu. Emaitzak oso onak dira, baina biomasaren behin betiko datua izateko eta kudeatzaileei aholkuak emateko, urtearen amaierara arte itxaron beharko dugu, orduan izango baititugu beste kanpainen eta arrantzako flotaren harrapaketen datuak", azaldu du Barredok.
Urte amaieran lortuko da behin betiko datua, "Juvena" eta "Pelgas" kanpainen eta flotaren harrapaketen datuak batera aztertzen direnean. Lehenengo ikerketa euskal zentro teknologikoak lideratzen du, eta urtebete baino gutxiagoko antxoen ugaritasuna eta banaketa zehazten ditu. Bigarrena, berriz, Frantziako Ifremer institutuak koordinatzen du, eta antxoaren populazioaren egoera eta Frantziako eremu atlantikoko ekosistemaren funtzionamendua ezagutzeko da.
"Analisi oso horrekin, zehatzago jakingo dugu udaberri honetan jaiotako antxoa-aleetatik zenbat iristen diren udazkenean jubenilak izatera, eta hori ingurumeneko eta ekosistemetako faktoreen mende dago: tenperatura, elikagaien eskuragarritasuna eta harrapariak", erantsi du sailburuak.
Ikerketa Eusko Jaurlaritzaren eta Europako Batzordearen finantzaketarekin eta Arrantzako Idazkaritza Nagusiaren lankidetzarekin egin da.