Gizartea -
Biztanleria
Lehen aldiz 2.200.000 biztanleko langa gainditu zuen Euskadik 2023ko uztailean
Zehazki, 2.201.462 biztanle zituen orduan, 2022ko uztailean baino 10.994 gehiago, Eustatek zabaldutako datuen arabera. Hiru lurraldeetan handitu zen biztanleria 2023ko urtarrila eta uztaila bitartean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Lehen aldiz 2.200.000 biztanleko langa gainditu zuen Euskadik 2023ko uztailaren 1ean. Urteko lehen seihilekoan, gora egin zuen egoiliarren kopuruak (4.717 pertsona gehiago), batez ere, atzerritik iritsitako pertsona kopuru handiagatik (biztanleria osoaren % 9,5).
Zehazki, 2.201.462 biztanle zituen orduan, 2022ko uztailean baino 10.994 gehiago, Euskal Estatistika Institutuak (Eustat) zabaldutako datuen arabera.
Datuok, beraz, berretsi egiten dute 2002an biztanle kopuruak hartutako goranzko joera. 2021ean (6.682 pertsona gutxiago) eta 2020an (6.512 pertsona gutxiago), aldiz, behera egin zuen populazioak.
Euskadiko hiru lurraldeetan egin zuen gora biztanleriaren kopuruak urtarrila eta uztaila bitartean. Bizkaian, 2.623 pertsona gehiago zeuden orduan (1.146.642 guztira); Araban, 1.070 gehiago (333.921), eta Gipuzkoan, 1.024 gehiago (720.899).
Hiriburuetan ere handitu zen populazioa iazko lehen seihilekoan, gehienbat Gasteizen (993 egoiliar gehiago). Bilbon, 704 pertsona gehiago zeuden, eta Donostian, 75 gehiago.
Bestalde, jatorriz atzerrikoak diren pertsonen kopurua % 9,3tik % 9,5era igo zen urtarriletik uztailera.
Atzerritarren % 45,6 Amerikako herrialdeetatik iritsi ziren, % 24,5 Afrikatik heldutakoak ziren, % 22,1 europarrak, eta % 7,8 Asia eta Ozeaniakoak.
Eustaten datu horien arabera, Euskadiko herritarren batezbesteko adina 45,8 urtekoa da (44,3 gizonezkoetan eta 47,3 emakumezkoetan).