Gizartea -

Indarkeria matxista

Espetxera bidali dute Gasteizen atxilotutako gizona, bikotekidea labankadaz hiltzen saiatzea egotzita

Gasteizko herritarrek eta erakundeek erasoa gaitzetsi dute astearte honetan. Elkarretaratze isila egin dute goizean udaletxearen aurrean.

Elkarretaratze isila Gasteizen. Argazkia: Gasteizko Udala
Elkarretaratze isila Gasteizen. Argazkia: Gasteizko Udala
Elkarretaratze isila Gasteizen. Argazkia: Gasteizko Udala

0:36

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizen atxilotu zuten 31 urteko gizona, emakume bat, haren bikotekidea, labankadaz hiltzen saiatzea egotzita, espetxeratu egin dute epailearen aginduz, Udaltzaingoko iturriek jakitera eman dutenez.

Gertakariak igandetik astelehenerako gauerdian jazo ziren, Arabako hiriburuko Arriaga-Lakua auzoko etxebizitza batean. Ertzainak etxera joan ziren hainbat dei jaso ondoren. Bikotearen eztabaida gogor baten berri eman zuten auzokoek.

Ertzainek izterraren ingurua odoletan zuen emakume bat aurkitu zuten etxebizitzaren beheko solairuko eskailera-buruan. Emakume horrek azaldu zuen bikotekideak sastatu zuela. Gizona etxe barruan zegoen.

Ertzain batzuek emakumeari lehen laguntza eman zioten bitartean, beste batzuk etxera sartu ziren eta ustezko erasotzailearekin eta haren senideekin elkarrizketatu ziren. Gizona atxilotu egin zuten eta emakumea osasun-zentro batera eraman zuten. Handik ordu gutxira biktimari sendagiria eman zioten.

Gasteizko herritarrek eta erakundeetako ordezkariek hiriburuan gertatutako hilketa matxista saiakera gaitzetsi eta arbuiatu dute gaur. Elkarretaratze isila goizean egin dute, udaletxearen parean. Bertan izan dira, besteak beste, Gasteizko Udalbatzako kideak, Maider Etxebarria alkatea buru zutela, eta beste erakunde batzuetako ordezkariak. Hala nola, Irma Basterra Arabako Batzar Nagusietako presidentea edo Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria. Denek ere babesa eta gertutasuna adierazi diete biktimari eta ingurukoei. 

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Matxismoa