Gizartea -

Eguraldia

Zabalik da euskal errepide sare nagusia baina elurra ari du oraindik mendate batzuetan

Elurra ari du mendate askotan eta arretaz gidatzea eskatu du Segurtasun Sailak. Arabako bigarren mailako errepideei eragiten die bereziki abisuak. Bestalde, goizaldeko olatuek ez dute aparteko eraginik izan kostan, baina abisuak indarrean daude.

Aiurdin elurtuta. EITB Media.
Aiurdin elurtuta. EITB Media.
Aiurdin elurtuta. EITB Media.

0:20

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elur-kota 600 metrora jaitsi da, eta horren ondorioz, bigarren mailako zenbait mendatetan arretaz gidatzeko deia egin du Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak.

Larunbatean, 15:00etan, zabalik daude euskal errepide sareko mendateak, errepide nagusiak eta bigarren mailakoak. Hala ere, oraindik elurra ari du leku askotan, eta kontuz gidatzeko eskatzen jarraitzen dute Aiurdin, Azazeta, Herrera, Otsaurte eta Urkiolan, baita A-1 errepidean Nafarroa eta Gasteiz artean, AP-1 autobidean Altube eta Gasteiz artean eta N-240 errepidean Legutio eta Gasteiz artean. 

Mendateen informazio eguneratua, hemen: Trafikoa

Bestalde, kostako udalerrietatik eitb.eus-i jakinarazi diotenez, olatuek ez dute aparteko eraginik izan, baina alerta laranja berriro abiatuko da 15:00etatik 19:00etara. Gainera, alerta laranja egongo da 18:00ak arte nabigaziorako, eta abisu hori ondoren, gauerdira arte.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak itsasorako eta kostarako ezarritako abisuak astelehenera arte luzatu dituzte.

Igandean bertan behera geratuko dira alerta laranjak, baina abisu horiak egongo dira egun osoan nabigaziorako, eta kostako eraginagatik goizaldeko lauetatik seietara.

Gainera, beste abisu hori bat gehituko zaie haize gogorragatik, bereziki mendebaldeko mendialdean, 100 km/h-tik gorako ufadak espero baitira.

Oso haizetsuak ez diren lekuetan 60-80 km/h abiadura harrapatuko du haizeak, Araban batik bat.

Zarautz eta Getaria arteko N-634 errepidea itxita egongo da gaur itsas-gora pasatu arte, hau da, 18:00ak aldera arte. Errepidea itxita dagoen bitartean, lurralde eremuko ordezko ibilbide gisa AP-8 autobidea eta N-634 errepidea (Zumaia-Getaria) erabiltzea gomendatu du Aldundiak, eta ibilbide lokal gisa, berriz, Zarautz - GI-2633 (Meaga) - GI-3391 - Getaria ibilbidea.

Astelehenean beste hiru abisu hori daude. Lehena, nabigaziorako egun osoan, olatu handiak eta haize gogorra espero direlako. Beste biak olatuek kostan izango duten eraginagatik jarriko dituzte: 05:00etatik 07:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Lau eta bost metro arteko olatuak izango dira.

Iragarpena

Gaur, egunaren lehenengo partean eguraldiak ildo beretik jarraituko du. Zerua oso hodeitsu egongo da eta zaparradak botako ditu, sarriago eta indar handiagoz Kantauri isurialdean; trumoi-ekaitza eta txingorra izan daitezke. Egunsentian elur-kota 500-600 metro inguruan egon daiteke, goiza aurrera joan ahala igo eta eguerdi aldera 800 metrora kokatuko da. Haizeak mendebaldetik joko du, kostaldean indartsu. Arratsaldetik aurrera atertzera egingo du eta haizea hegoaldera aldatuz joango da; egunaren amaieran elur-kota 1000 metro inguruan egongo da. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko da.

Igandean hego-mendebaldeko haize gogorra izango dugu hizpide. Haize zakar horren eraginpean, tenperaturak gora egingo du, batez ere Kantauri isurialdearen mendebaldean. Egunaren hasieran elur-kota 1000 metro inguruan egongo da, baina gero igo eta 1500 metrotik gora kokatuko da. Egunaren hasieran giroa goibela izango da eta euria egingo du, gero atertzera egingo du eta ostarteak zabal daitezke; gauean euritara joko du berriro.

Astelehenean tenperaturak berriro egingo du behera, eta euria egingo du.

Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena eitb.eus-en, eta bidali zure argazkiak eta bideoak

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Albisteak Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Zarautz albisteak Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Getaria