Gizartea -

SOZIOMETROA

Lan-merkatuak eta osasungintzak jarraitzen dute izaten herritarrentzat arazo nagusiak

Deigarria da osasungintzari buruzko kezka ia bikoiztu egin dela 2020tik. Lehendakari izateko hautagaien artean, EH Bilduko Pello Otxandianok atera du nota onena, eta oso gertu du EAJko Imanol Pradales. Nolanahi ere, 1etik 10era, biek ozta-ozta gainditu dute erdiko langa.

Donostia Ospitalea, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Donostia Ospitalea
Donostia Ospitalea, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lan merkatuari lotutako arazoek kezkatzen dute gehien EAEko gizartea, eta horren atzetik daude osasungintzari eta etxebizitzari lotutakoak. Zerrendan azken puntan, berriz, gizonen eta emakumeen arteko ezberdintasunei buruzko arazoak daude, pentsioen edota adinekoen arretaren ingurukoekin batera. Ingurumenari eta hizkuntzari lotutako arazoak ere ez dira lehentasunak herritarrentzat.

Euskal Soziometroaren azken galdeketak utzitako ondorioetako batzuk dira horiek. Egungo egoeraren balorazioa eta jarrera politikoak bildu dira, gaur zabaldutako txostenean. Galdeketa 2024ko urtarrilaren 30etik otsailaren 2ra bitartean egin zen,  EAEko 18 urtetik gorako 3.030 pertsona elkarrizketatuta, denak telefonoz. Duela astebete kaleratu zuten Eusko Legebiltzarrerako boto-asmoaren ingurukoa, eta gaur txostenaren bigarren zatiaren emaitzak jakin dira.

Euskadiko arazoak zeintzuk diren galdetuta, herritarren ia erdiarentzat (% 48) lan merkatuari lotutakoek jarraitzen duten arazo nagusi izaten, eta herena pasarentzat (% 35) Osakidetza eta, oro har, osasungintzaren jirakoek. Nabarmentzekoa, 2020tik bikoiztu egin dela osasun-arazoen inguruko kezka.  Hirugarren lekuan ( % 21) arazo ekonomikoak daude. Deigarria da, halaber, errenkadaren azken zatia: ingurumena (% 3), hizkuntzaren egoera (% 3), gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak (% 1) edota pentsioak (% 1) dira, herritarren iritzirako, arazo txikienak.

Egoeraren balorazioa ere eskatu zaie galdeketan parte hartu dutenei, eta emaitza nagusiak hauek dira: 1etik 10erako eskalan, norbere egoerari 7 puntuko nota jarri diote herritarrek, batez beste; Euskadiren egoerari 6koa, eta Espainiakoari, 4,8koa.

Jarrera politikoen atalean, bestalde, politikarekiko interesa, alderdiekiko hurbiltasuna, ezagutza edota independentziarekiko jarrera neurtu dira. Hala, txostenaren arabera, herritarren % 37k interes gutxi dute politikan, eta % 27k, batere ez. Soilik, hamarretik batek esan du politika asko interesatzen zaiola.

Aurreko neurketetan bezala, buruzagi politikoen ezagutzari, onarpenari eta balorazioari buruzko iritziak ere eskatu dira. Balorazioaren atalean, Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaia da nota onena atera duena, 5,3koa, eta oso gertu du Imanol Pradales EAJko hautagaia, 5eko notarekin. Aldiz, Miren Gorrotxategi (Elkarrekin Podemos) eta Eneko Andueza (PSE-EE)  ez dira erdiko langara iritsi: 4,7ko eta 4,4ko nota jarri diete herritarrek, hurrenez hurren.

Bestelako argazkia erakusten du ezagutzari dagokion atalak: Gorrotxategi ageri da lehen postuan, % 43ko ezagutza mailarekin, eta ondoren daude Andueza (% 38), Pradales (% 37)  eta Otxandiano (% 34).

Herritartasunari buruz galdetuta, % 40 dira euskal herritar bezain espainiar sentitzen direnak.  Kopuru hori 8 puntu hazi da 2019tik. Galdeketan parte hartu dutenen % 25 euskal herritarrak espainiarrak baino gehiago sentitzen dira, eta % 19, berriz, soilik euskal herritar.

Azkenik, euskal Herriaren independentziari buruz % 38k erantzun dute kontra daudela, % 23k alde, eta % 33k diote egoeraren arabera alde edo kontra egongo liratekeela.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza Lana Alderdi politikoak Gizartea EH Bildu PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi