Gizartea -

EGURALDIA

Eguzkia eta egonkortasuna, Ostegun Gizenak ekarriko duen aldaketaren atarian

Ostegunean iritsiko dira lehenengo prezipitazioak, eta eguraldia ezegonkorra izango da inauterietako asteburu osoan.

Haizearen Orrazia, Donostian. Argazkia: EFE
Haizearen Orrazia, Donostian. Argazkia: EFE
Haizearen Orrazia, Donostian. Argazkia: EFE

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteburuko eguraldi bera izango dugu datorren astearen hasieran, eta eguzkia nagusituko da, baina ostegun arratsaldean euria eta ezegonkortasuna iritsiko dira, inauterietan geratzeko asmoz, Euskalmeten iragarpenaren arabera.

Gaur, giro lasaia eta eguzkitsua izango dugu ia lurralde osoan. Alabaina, isurialde atlantikoko hainbat lekutan litekeena da guztiz ez garbitzea eta behe-hodeiak agertzea, batez ere kostaldean. Hegoaldean, berriz, behe-lainoa jaso ostean, giro eguzkitsua izango dugu; zenbait txokotan, behe-lainoa iraunkorra izan daiteke. Haizea norabide finkorik gabe ibiliko da, ahul, eta arratsaldean, ipar-ekialdekoa sartuko da kostaldean.  Tenperaturan aldaketarik nabarmenik ez da espero.

Giro berdintsuarekin hasiko dugu astea. Asteleheneko ordu askotan eguzkitsu egongo da, baina goizean goiz lainoa izango da barnealdean eta tarteka behe-hodeiak ere izango dira iparraldean. Egunak aurrera egin ahala, erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak ugarituko dira. Haizea ahul ibiliko da berriro, eta tenperaturak ildo beretik jarraituko du. Araba eta Nafarroako zenbait lekutan, izotza egin dezake.

Asteartean, giro egonkorrak jarraipena izango du. Aldaketa esanguratsuena hodeitzan nabarituko dugu, erdi-mailako hodeiak eta goi-hodeiak bezperan baino ugariagoak izango baitira. Gainerakoan, antzera jarraituko dugu; haizea ahul ibiliko da, arratsaldean iparraldekoa nagusituz kostaldean, eta tenperaturak ere antzeko balioetara iritsiko dira. Araba eta Nafarroako zenbait lekutan, izotza egin dezake berriro.

Asteazkenetik aurrera, eguraldiak ezegonkortzera egingo du, eta ostegunerako, Ostegun Gizenerako, euria espero da arratsaldean, eta giro hori nagusituko da inauterietako asteburuan.

Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena eitb.eus-en, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa Inauteriak Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak