Gizartea -
Jaurlaritzaren inkesta
Alkohol, tabako eta kalamuaren kontsumoak behera egin du EAEn, baina errezetadun lasaigarrien kontsumoak, gora
2023ko Adikzioei buruzko Inkestaren arabera, orokorrean hobera egin dute droga kontsumoaren eta adikzioen datuek. Dena dela, kezkagarriak dira zigarro elektronikoaren kontsumoan igarritako igoera eta emakume gazteen artean (35 urte baino gutxiago) interneten erabilera arriskutsuaren prebalentzia.
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Tabakoa, kalamua eta alkohola kontsumitzen duten EAEko herritarren kopurua jaitsi egin da azken urteotan, 2023ko Adikzioei buruzko Inkestaren arabera. Kalamua ez den beste legez kanpoko drogen kontsumoak eta jokoak ere behera egin dute. Ifrentzuan, gora egin du medikuaren errezetarekin lasaigarriak edo somniferoak hartzen dituztenen kopuruak.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak aurkeztu du txostena. Inkesta iazko martxotik ekainera egin zuten, 14 urtetik gorako 2.500 pertsonari galdetuta. Sailburuaren hitzetan, azken urteotan —azken inkesta 2017koa da; lehena, 1992koa— "nabarmen egin dute hobera" EAEko herritarren bizi ohiturek, oraindik "egiteko asko" dagoen arren.
Itziar Larizgoitia Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak aletu ditu inkestaren datuak. Alkohola eta tabakoa dira droga kontsumituenak. Hala, azken urtebetean, biztanleriaren % 76k alkohola edan du, eta % 23,8k, tabakoa. Era berean, herritarren % 7k kalamua kontsumitu dute, eta % 2,5ek, legez kanpoko bestelako substantziak. 10 herritarretik 1ek lasaigarriak hartu ditu errezeta barik.
Sexuaren arabera, gizonezkoak dira nagusi, oro har, drogen kontsumoan, salbuespen bakarrarekin: errezetadun lasaigarrien kontsumoa zabalduago dago emakumeen artean. Alkohol eta tabako kontsumo intentsiboan gehiengo dira gizonak, baita kalamuarenean ere. 15-34 urteko gizon gazteen % 14k kalamua maiz hartzen du, eta laurden batek kontsumo arriskutsua egiten du. Halaber, gizonezkoak, batez ere gazteak, ibiltzen dira jokoan: horien % 3,5 adikzioan erortzeko arrisku bizian legoke.
Kontrara, errezetarekin kontsumitzekoak diren lasaigarri, somnifero eta depresioaren kontrako botikak hartzea hedatuago dago emakumeen artean. Kontsumo horrek gora egin du azken hamarkadan, eta prebalentzia handia du 74 urte baino gehiagoko andrazkoen artean: 10 emakumetik 4k hartzen dute halakorik (gizonen % 20).
Azken datuon harira, Larizgoitiak aitortu du "aztertu beharrekoa" dela, baina nabarmendu du Osakidetzako medikuekin batera egin behar dela azterketa hori, errezeta eurek ematen dutelako.
Zigarro elektronikoaren kontsumoak gora "modu nabarmenean"
Arestian aipatutako joera horrekin batera zigarro elektronikoaren hedapena "kezkagarria" aipatu du Larizgoitiak. Izan ere, horien kontsumoa laukoiztu egin da 2017tik: % 5etik % 15era pasatu da sei urtean. "Asko kezkatzen gaitu", aitortu du Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak. Tabako arruntaren ordez, elektronikoa zabalduko den beldur dira osasun arduradunak.
35 urtetik beherako gizonen % 40k eta emakumeen % 30ek esan dute halakoak erre dituztela azken urtean.
Gazteriaren artean bada adikziorako beste arrisku elementu bat: internetaren erabilera obsesibo eta gehiegizkoa. 35 urtetik beherako herritarren % 15i arrisku sintomak atzeman dizkiote, batez ere emakumeen artean.
Fentaniloaren legez kanpoko kontsumoa
Kalamua ez den gainerako legez kanpoko drogei dagokienez, gora egin du kontsumo esperimentalak (inoiz probatzea), baina oraintsuko eta egungo kontsumoak behera egin dute, 90eko hamarkadako mailetara iritsi arte. Estasiaren kontsumoa da salbuespena, azken hamarkadan kontsumitzaileen maiztasuna hazi baita.
Kokaina eta anfetaminak dira droga kontsumituenak, eta horien atzetik estasia (MDMA) eta antzekoak datoz. Gazteen artean (15-34 urte) daude zabalduen, baina kokainaren eta, neurri txikiagoan, anfetaminen kasuan, 35 eta 54 urte bitartean ere kontsumitzen dira.
Fentaniloari buruz galdetuta, Larizgoitiak jakinarazi du EAEn ez dutela opioide horren trafikoa atzeman, eta gogorarazi du medikuntzan ere erabiltzen dela, min handia dagoenean.