Gizartea -
EGURALDIA
Elur-kota apur bat igo da, eta 600-800 metroan kokatu
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, badaezpada, bihar eguerdira arte luzatu du elurragatik gaur goizean ezarri duen abisu horia.
EITB MEDIA
Gaurko iragarrita zegoen elur-arriskua dela eta, 06:00etatik martxan du Eusko Jaurlaritzak Neguko Bidezaintza Plana. Hala, elurra kentzeko 206 makina, tona askotako ibilgailuak erretiratzeko gai diren zazpi garabi astun eta koordinazio eta zaintza lanetan laguntzeko beste 130 ibilgailu prest daude, egoerak hala eskatuko balu lanean hasteko. Oraingoz, bihar arte egongo da aktibatuta operatiboa. Bide beretik, Nafarroako Gobernuak elurra kentzeko 107 makina ditu prest, eta prebentzio-lanak egin dira hainbat errepidetan errepidetan gatza botaz. Oraingoz, ez da aparteko gorabeherarik izan, eta elur-prezipitazioak oso puntualak dira, eta gehienetan, ahulak.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, egunaren hasieran hodeiak ugaritu egingo dira eta oro har zerua estalita egongo da egun osoan EAEn. Goizetik, euria egingo du, mendi inguruetan izan ezik, han elur moduan egingo baitu. Elur-kota orokorrean 800 metro inguruan egongo da, eta ekialdean, arratsaldean 600-800 metro ingurura jaitsi daiteke. Eguna hotza izango da, 4 eta 8 ºC arteko gehieneko tenperaturekin. Agertoki horrekin, Segurtasun Sailak bihar eguerdira arte luzatu du elurragatik gaur goizean ezarri duen abisu horia.
Ildo beretik, Nafarroan ere lainotuta eta hotz esnatu da eguna, eta euria espero da egunaren hasieratik, bereziki, iparraldean. Elurra ere espero da, baina mendialdean, 500-600 metroan. Hori dela eta, Aemetek abisu horia ezarri du, eta Pirinioetan eta erkidegoko erdialdean bakarrik egongo da ezarrita.
Hain justu, zuritzen hasi da Pirinioetako eta Zangozerriko hainbat herritan:
Bihar eta etzirako iragarpena
Bihar, osteguna, eguraldiak berdintsu jarraituko du. Prezipitazioa txikia izango da, eta batik bat ipar isurialdean egingo du; hegoaldean, prezipitazioa oso bakana izango da. Arratsaldean, berriz, atertuz joango da eta ostarteak zabalduko dira gauean. Elur-kota 500 metro inguruan egongo da egunaren lehen partean, eta arratsaldean 800-1000 metro ingurura igoko da. Ostiralean eguzkitsu egongo da eta horrek eguneko tenperaturak igotzea ekarriko du. Alabaina, goizaldea oso hotza izango da, izotza egingo du barnealdeko leku askotan eta tenperatura aurreko egunetan baino gehiago jaitsiko da.
Nafarroan ere bihar euri txikia egitea espero da, batez ere, iparraldean eta mendi inguruan. Elur-kota 400-600 metroan kokatzea espero da, eta izoztuta esnatuko dira txoko asko. Ostiralerako ostarteak espero dira, eta hotzetik jarraituko du eguraldiak.