Gizartea -
EGURALDIA
Jaurlaritzak neguko bidezaintza plana aktibatuko du asteazken honetan, 400 metrora elurra egin dezakeelako
Asteazken goizaldeko 06:00etan sartuko da indarrean plana, eta ostegunera arte luzatuko da. Errepide sare nagusia eta bigarren mailako errepidearen zainketa izango ditu ardatz planak, eta, horretarako, elurra kentzeko 206 makina eta zazpi garabi izango dira eskuragarri.
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak Neguko Bidezaintza Plana aktibatuko du bihar, asteazkena, 06:00etan, eta ostegunera arte egongo da indarrean, elur-arriskuagatik ezarritako abisu horia tarteko; izan ere, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, gaur gauerditik aurrera hotza areagotu egingo da eta elur-kota 400 metrora jaitsi daiteke.
Egoera horren aurrean, Estibalitz Olabarri, Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak Neguko Bidezaintza Plana aktibatzea erabaki du, asteazken honetako 06:00etan hasita, prebentzio gisa. Hala jakinarazi dio Neguko Bidezaintza Planaren Koordinazio Organoari, euskal erakunde guztiak ordezkatuta dauden organoari, hain zuzen ere.
Garabi astunak eta elurra kentzeko makinak
Eusko Jaurlaritzaren 2023-24ko Neguko Bidezaintza Planaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak prest ditu elurra kentzeko 206 makina, tona askotako ibilgailuak erretiratzeko gai diren zazpi garabi astun eta koordinazio eta zaintza lanetan laguntzeko beste 130 ibilgailu. Gainera, 27.600 tona gatz eta 760.000 litro gatzun izatea ere aurreikusten du.
Aipaturiko baliabide horiei Ertzaintzaren trafikoko lurralde-unitateetako patruilak batu behar zaizkie, eta patruila kopurua ertzain-etxeetako baliabideekin osatu ahal izango da.
Indartu egingo da, halaber, 011ko (trafiko-arreta) eta 112ko (larrialdiei aurre egiteko) kudeaketa eta arreta telefonikoko gelan lan egiten duten pertsonen kopurua, baita paneletan ageri diren mezuak, edo webgunearen, sare sozialen eta abarren bidez gidariei eskainiko zaien informazioa.