Gizartea -

EGURALDIA

Zeropeko tenperaturekin esnatu da Euskal Herria: -13,4 °C Erremendian eta -8,2 °C Iturrietan

Biharko espero dira tenperatura baxuenak, goi geruzetan isolaturiko aire masa hotz bat sartzea espero baita. Gauean abisu horiak izan dira indarrean EAEn zein Nafarroan, hotzagatik. Bihar eta etzi, berriz, elurra izan daiteke protagonista.

Urbasa izoztuta, gaur goizean. Argazkia: David Aznarez
Urbasa izoztuta, gaur goizean.
Urbasa izoztuta, gaur goizean. Argazkia: David Aznarez

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iragarpenak bete, eta tenperaturak behera egin du gauean. Zeropeko tenperaturekin eta izoztuta esnatu dira Euskal Herri osoko txoko asko. Goizeko lehen orduan, tenperatura baxuenak Nafarroako Erremendian (Zaraitzu) eta Arabako Iturrietan (Agurain) jaso dira, -13,4 eta -8,2  gradu, hurrenez hurren. Laino-sare mehe batek estali baditu ere barnealdeko leku ugari, ostarteak dira nagusi.

Nafarroan bereziki hotza izan da gaua. Erremendiako estazio meteorologikoak  (1.047 metrora dago) jaso du, esan bezala, tenperaturarik hotzena: 13,4 gradu zeroz azpitik zeuden 08:00etan. Hortik behera izan dira Aurizberrin, bertako estazioan -9,7 ºC neurtu dituzte. Tarte batera, Belaguako (Izaba) eta Nabaskozeko estazioetan erregistratutako markak: hurrenez hurren, -6,1 eta -5,7. 

Arabako lurraldean neurtu dira Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hotzenak. Iturrietako estazioan, hau ere ia 1.000 metrora, -8,2 gradura jaitsi da termometroa. Roitegiko estazioan ere, Arraia-Maeztun, izoztuta zeuden bazterrak: -6,1 gradu.

Horien ondotik, honakoetan erregistratu dituzte marka baxuenak: Gaubean (-3,4), Pagoetan (-3,5)  eta Subijanan eta Navarretan (-3,2), Euskalmetek emandako datuen arabera. Hiriburuan, Gasteizen, apenas jaitsi da 0 graduetatik (-0,4 gradu, Abetxuko).

Gipuzkoan, Berastegin neurtu dute tenperatura baxuena: 3,5 gradu zeroz azpitik. Gertu izan ditu Bidania (-2,1), Zegama (-1,3) eta Inurritza (-1,2). Donostian ere zeropekoak izan dituzte (-0,6).

Bizkaian ez du horrenbesteko hotzik egin, baina zenbait tokian termometroak 0 graduko langatik jaitsi dira. Urkiolan -2,4 gradu neurtu dituzte, eta Cerrojako estazioan (Karrantza), -1,4. Hortik gertu, -1,3 gradurekin, kokatu dira Mañarian eta Muxikan. Bilbon, ordea, balore positiboetan mugitu da merkurioa, eta hotzena 2,3 gradukoa izan da (Zorrotzako estazioko datua). 

Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak abisu horia ezarrita zuen gaurko EAE osoan (atzo gauerditik, 10:00ak arte) muturreko tenperatura baxuak eta izotzagatik, eta bihar eta etzi abisu hori bana sartuko dira indarrean, elurragatik. Elur maila 500-800 metrora kokatuko da

Nafarroan ere, Aemetek bi abisu ezarriko ditu egunotarako. Gaurko, zeroz azpiko tenperaturengatik emandakoa egongo da, lurraldearen erdialdean eta Pirinioetan, eta, bestalde, elurragatik ezarriko dute abisua Pirinioetan. 600 metrotik gora 5 zentimetroko geruza pila daiteke, iragarpenaren arabera. 

Biharko espero dira tenperatura baxuenak, goi geruzetan isolaturiko aire masa hotz bat sartzea espero baita. Ezegonkortasuna areagotu egingo da eta elur-maila 400 metrora jaitsi daiteke, baita beherago ere toki askotan.

Euskalmet Euskal Metereologia Agentziaren arabera, fronte bat iritsiko da penintsularen barnealdetik, aire masa oso hotzarekin. Elurrak lurraldearen hegoaldean eta ekialdean izango dute eragin handiena. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du, bereziki eta sarriago egunaren lehen partean. Elur-kota 400-700 inguruan kokatuko da, eta 1.000 metrora, 15 cm-rainoko lodierak espero dituzte. 600 metrora, aldiz, 5 cm-rainoko geruza pila daiteke. Maila horretatik behera ez du zurituko. 

Gauean neurtutako tenperatura hotzenak:

Erremendia: - 13,4 ºC

Aurizberri:  -9,7 ºC

Iturrieta: - 8,2 ºC

Arraia/Maeztu (Araba) eta Izaba (Nafarroa): -6,1 ºC

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da gaur Bizkaian? Albisteak Gipuzkoa Nafarroako albisteak Araba Eguraldia argazkiak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Ingurumena azken ordukoa