Gizartea -

EUSKAL ESTATISTIKA ERAKUNDEA

Bizi itxaropena txikitu egin da EAEn 2022an, 2017ko mailan kokatzeraino

80,5 urteko bizi itxaropena dute gizonek —urtebete lehenago baino bi hamarren gutxiago— eta 86,1ekoa emakumeek —2021ean baino hiru hamarren gutxiago—. Covid-19aren pandemiak eta 2022ko bero boladak zerikusia izan dute horretan.

Jendea, Bilbotik paseoan. Argazkia: EITB Media
Jendea, Bilbotik paseoan
Jendea, Bilbotik paseoan. Argazkia: EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2022an, gizonen bizi itxaropena 80,5 urtekoa zen Euskal Autonomia Erkidegoan, eta emakumeena 86,1 urtekoa —2019an baino bost hamarren gutxiago—, Eustatek argitaratutako datuen arabera. Covid-19aren pandemiak eta 2022ko uztailean izandako bero boladak zerikusia izan zuten horretan.

Bizi itxaropena txikitu bada ere, Europar Batasunean (orokorrean hartuta) baino handiagoa da oraindik ere —2,5 urte handiagoa gizonen kasuan, eta 2,7 urte handiagoa emakumeen kasuan—. Hain zuzen ere, Espainiak du EBko bizi itxaropen tasa handienetakoa, eta EAEkoa baino txikiagoa da —hamarren bat gizonetan, eta bi hamarren emakumeetan—.

1976ko datuei (69,6 urteko bizi itxaropena gizonentzat, eta 76,9 urtekoa emakumeentzat) erreparatuz gero, argi dago batzuek zein besteek bizitza luzatu dutela nabarmen —9,2 urte emakumeetan eta 10,9 urte gizonetan—.

Bizitza luzatzeko bide horretan baina, tumoreak dira oztopo nagusia. Horiek desagertzea lortuko balitz, gizonek 3,9 urte luzatuko lukete bizitza, eta emakumeek 3 urte.

Jaiotzak

Ugaltasun tasa maila zeharo baxuan dago. Hain zuzen ere, 2022an, emakume bakoitzeko 1,21 jaiotza zenbatu zituzten, aurreko urtean baino lau hamarren gutxiago, eta Europar Batasuneko batezbestekotik (1,53 jaiotza) urruti. Are urrunago dago batezbestekoa 1976ko datuekin alderatuz gero (2,7 jaiotza emakume bakoitzeko). Bizkaiak du tasa txikiena (1,12 jaiotza). Araban eta Gipuzkoan 1,28 jaiotza zenbatu zituzten emakume bakoitzeko, iaz.

Ezkontzak

Lehenengo ezkontzen portzentajea % 44,2koa izan zen gizonetan 2022an, eta % 48,4koa emakumeetan. 2020ko eta 2021eko datuekin erkatuta, gora egin du ezkontza kopuruak.

Batez beste 38,3 urterekin ezkontzen dira lehenengoz gizonak, eta 36,5 urterekin emakumeak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Eustat