Gizartea -

Eskola Publikoaz Harro

Eskola Publikoaz Harrok Hezkuntza Legea atzera botatzeko eta publikoa lehenesteko eskatu die alderdiei

EHIGEk salatu du "iruzurra" izan dela alderdi politikoek legearen inuruan egin duten eztabaida, "segregatzen duen, euskalduntzen ez duen eta funtzionatzen ari ez den sistema bat blindatzen" ari direlako.

Hezkuntza Legearen aurkako Donostiako manifestazioaren hasiera. Argazkia: EITB
Hezkuntza Legearen aurkako Donostiako manifestazioaren hasiera. Argazkia: EITB
Euskal Eskola Publikoari lehentasuna emango dion lege baten alde, milaka lagun atera dira kalera gaur

1:30

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jendetza bildu da gaur Donostian euskal eskola publikoaren alde eta Hezkuntza Lege berriaren aurka egin den manifestazioan.

EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioak eta beste elkarte batzuek osatzen duten Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak deituta, 12:30ean abiatu dira Boulevarretik 'Euskal Eskola Publikoaz Harro, Hezkuntza Lege honi ez' lelopean.

Hain zuzen ere, EHIGEk kritikatu egin du alderdi politikoek Hezkuntza Legearen inguruan egindako eztabaidaren "iruzurra", "segregatzen duen, euskalduntzen ez duen eta funtzionatzen ari ez den sistema bat blindatzen" ari direlakoan.

Lurdes Imaz EHIGEren koordinatzaileak legea atzera botatzeko eskatu die alderdi politikoei: "Sistemaren pribatizazioan sakontzen du, eskola publikoa baztertzen du, eta ez du ikasle guztien euskalduntzea bermatzen".

EHIGEren arabera, proiektuak "hezkuntza pribatuaren interesei soilik" erantzuten die, eta, gainera, "euskal eskola publikoak herritar guztiei kalitatezko hezkuntza eskaintzeko behar dituen baliabideak desbideratzea" planteatzen du.

"Hezkuntza eragileen parte-hartzerik gabe egindako lege bat da, eta ez die erantzuten hezkuntza sistemaren erronkei", azpimarratu du.

Horren aurrean, alderdi politikoei "eskola publikoa lehenesteko" eskatu die, eta "benetan euskal hezkuntza sistemaren erdigunea izan dadin beharrezko baliabideak bideratzeko".

Legearen izapideei begira alderdi politikoekin izaten ari diren batzarren harira, EHIGEren koordinatzaileak esan du "iruzur" hutsa direla: "Hizkuntzaz bakarrik hitz egiten ari dira, eta gai asko ezkutuan geratzen dira".

Horrez gain, azpimarratu du "hezkuntza sisteman eraldaketarik ez dela egongo eta eredu duala blindatzen dela ezkutatzen" ari direla.

Azaldu duenez, "eredu duala blindatzeak segregatzen duen eta euskalduntzen ez duen sistema batekin jarraitzea dakar".

 

Podemos Euskadi eta Ezker Anitza-IU alderdiek, besteak beste, bat egin dute protesta ekitaldiarekin, eta manifestazioa abiatu baino lehen, haurrentzako txoko bat antolatu dute, 'Gora Bihotzak' ikuskizunarekin batera.

Gipuzkoako hiriburuaren erdigunea zeharkatu duen manifestazioan, legearen aurkako eta publikoaren aldeko leloak oihukatu dituzte: "Hezkuntza lege honi ez!", "Publikoa ez da pribatua!", etab.

Manifestazioaren aurreko irudi bat. Argazkia: EITB

Manifestazioa hasi aurretik, Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkide eta bozeramaileak salatu du Hezkuntza Lege berriarekin "urrezko aukera bat galtzen" ari direla euskal eskola publikoa "hezkuntza sistema publikoaren erdigune" izan dadin.

Gorrotxategiren esanetan, eskola publikoak "denok berdintzen, denok onartzen gaitu", eta, ondorioz, "kohesio soziala indartzen du". Gainera, "gehien euskalduntzen" duena dela nabarmendu du: "Euskadin ditugun eredu guztiak kontuan izanda, gehien euskalduntzen duena da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Hezkuntza legea Euskal Autonomia Erkidegoa Euskal Eskola Publikoa albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Manifestazioak