Gizartea -

EUSTAT

Populazioak gora egin du EAEn, bi urtez behera egin ondoren

2023ko urtarrilaren 1eko datuen arabera, EAEn 2.196.745 pertsona daude erroldatuta, 2022an baino 10.228 gehiago, alegia.

EAEko populazioaren bilakaera. Irudia: EITB Media
EAEko populazioaren bilakaera
EAEko populazioaren bilakaera. Irudia: EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2023ko urtarrilaren 1ean, 2.196.745 pertsona zeuden erroldatuta Euskal Autonomia Erkidegoan, 2022an baino 10.228 (% 0,5) gehiago, Eustat Euskal Estatistika Institutuak gaur zabaldutako datuen arabera. Hortaz, azken bi urteetako joera irauli da, 2022an 6.682 pertsona gutxiago izan baitziren, eta, 2021ean, 6.512 gutxiago.

Zenbaki absolutuak aintzat hartuta, igoerarik handiena Bizkaian izan da, 2022an baino 4.810 bizilagun gehiago baitaude (% 0,4); Gipuzkoan 3.259 gehiago dira (% 0,5), eta Araban 2.159 bizilagun gehiago (% 0,7).

Hiriburuei dagokienez, hiruretan hazi da biztanle kopurua 2022tik 2023ra bitartean. Hazkunderik handiena Bilbon izan da, 2.029 biztanle gehiago baititu; ondoren, Gasteizen (1.994 gehiago), eta, azkenik, Donostian (872 gehiago).

EAEko gainerako udalerriei begiratuta, 145 udalerrik populazioa handitu dute eta 99k, galdu. Populazio igoerarik handiena Barakaldo (479 biztanle), Santurtzi (364 biztanle), Leioa (309 biztanle) eta Sestao (282 biztanle) udalerriek izan dute, denak ere Bilbo Handia eskualdean. Jaitsierarik handiena, termino absolutuetan, Getxok izan du berriro, 199 biztanle gutxiago baititu, baina jaitsiera azken urteotakoa baino pixka bat txikiagoa izan da (% 0,3). Portzentajea aintzat hartuta, berriz, Elduain, Lanestosa eta Kuartango udalerriek izan dute jaitsierarik handiena; hiru kasuetan, % 5 baino handiagoa izan da.

Batez besteko adina 45,6 urtekoa da, Espainiako Estatuan baino ia bi urte handiagoa. Gizon eta emakumeen arteko aldea 3,1 urtekoa da; izan ere, gizonek 44 urte dituzte batez beste eta emakumeek, 47,1.

Bestalde, 65 urte eta gehiagoko pertsonen proportzioak gora egiten jarraitzen du EAEn. Gainera, EAEk gainditu egiten du Espainiako Estatuko proportzioa: Espainian % 20,1ekoa da, eta % 23,5ekoa EAEn. Ehuneko hori gainditzen duten autonomia erkidegoak hiru baino ez dira: Asturias (% 27,5), Gaztela eta Leon (% 26,5) eta Galizia (% 26,3). 2003an, ostera, 64 urtetik gorako populazioaren ehunekoa % 18,4 izan zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

100 urtetik gorakoen artean igoera nabarmenagoa izan da: 2003an 269 pertsona zeuden, eta 2023an 883.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak Gaurko albisteak Gipuzkoa Araba EAE Gizartea Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Euskal Estatistika Erakundea gaur