Gizartea -

2023ko lehen hiruhilekoa

Covid-19ak eragindako heriotzen kopuruak % 90,5 egin du behera Euskadin

Konkretuki, 74 pertsona hil dira EAEn koronabirusaren ondorioz urteko lehen hiruhilekoan. Bestalde, guztira 6.207 pertsona hil ziren Euskal Autonomia Erkidegoan, aurreko urteko aldi berean baino % 3,6 gutxiago.

Gripearen eta covid-19aren aurkako txertoa. Artxiboko argazkia: EFE
Gripearen eta covid-19aren aurkako txertoa. Artxiboko argazkia: EFE
Gripearen eta covid-19aren aurkako txertoa. Artxiboko argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guztira 74 pertsona hil dira Euskadin covid-19aren ondorioz urteko lehen hiruhilekoan, guztiak baieztatutako koronabirusagatik, 2022ko epe berdinean baino % 90,5 gutxiago. Gainera, beste 24 heriotzatan, covid-19a ziurtatutako heriotza-kausen artean egon zen, baina funtsezko arrazoia izan gabe.

Lurraldeka, zendutakoen kopururik handiena Bizkaiari dagokio (47), ondoren Gipuzkoari (23) eta Arabari (4). Adinaren arabera, 80 urtetik gorako 57 pertsona hil ziren covide-19aren eraginez, eta 60-79 urteko 16.

2023ko lehen hiruhilekoan 6.207 pertsona hil ziren Euskal Autonomia Erkidegoan, aurreko urteko aldi berean baino % 3,6 gutxiago, Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) jakinarazi duenez.

Hala, urteko lehen hiruhileko honetan heriotza-kopurua 2022an (6.439) eta 2020an (6.522) baino txikiagoa izan zen, baina 2021ean (5.994), 2019an (6.011) eta 2010-2019 aldiko batez bestekoa (5.813) baino handiagoa.

Hildakoek behera egin zuten hiru lurralde historikoetan, batez ere Bizkaian, % 4,8ko jaitsiera izan baitzen, 3.281 hildakorekin. Araban 800 pertsona zendu ziren, % 3,8 gutxiago; eta Gipuzkoan 2.126, % 1,6 gutxiago.

Heriotza arrazoi nagusiak tumoreak eta zirkulazio-sistemako gaixotasunak izan ziren, 1.621 eta 1.594 heriotza eragin baitzituzten, hurrenez hurren, eta, ondorioz, bien artean heriotzen % 51,8 izan ziren. Hirugarren heriotza kausa arnas sistemaren arazoak izan ziren, 543 kasurekin (% 8,7).

Nerbio-sistemaren ondoriozko heriotzak laugarren heriotza arrazoia izan ziren EAEn, 404 heriotzarekin (% 6,5). Digestio-sistemako gaixotasunengatiko heriotzak 303 izan ziren (% 4,9).

Gauzak horrela, Euskal Autonomia Erkidegoak biztanleria galdu zuen 2023ko lehen hiruhilekoan, 3.094 pertsonako jaitsierarekin. Hiru lurraldeetan galdu dira biztanleak: Bizkaian 1.701, Gipuzkoan 1.084 eta Araban 309.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Minbizia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa