Gizartea -

2023-2024

EHUk 46.000 ikaslerekin eta "eskaintza akademiko zabalarekin" hasiko du ikasturte berria

35.000 bat ikaslek gradu ikasketak egingo dituzte, eta beste 11.000k graduondokoak eta etengabeko prestakuntzakoak.

EHU. Argazkia: EITB
EHU. Argazkia: EITB
EHU. Argazkia: EITB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) 2023-2024ko ikasturtea hastear da eta 46.000 ikasle ingururekin eta "eskaintza akademiko zabal batekin" ekingo dio. Zehazki, 35.000 bat ikaslek gradu ikasketak egingo dituzte, eta beste 11.000k graduondokoak eta etengabeko prestakuntzakoak. Ikasturtea hasteko ekitaldi nagusia irailaren 13an egingo da, Arabako campusean, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Eva Ferreira EHUko errektorea bertan direla.

Ferreiraren hitzetan, "2023-2024ko ikasturtea aukera askorekin hasiko dugu prestakuntzaren alorrean. Ikasturte honetan gradu, gradu bikoitz eta graduondoko berriak izango ditugu, gizarte premia berriei erantzuteko, bereziki hezkuntzaren, osasunaren eta ingeniaritzaren alorretan. Helburu argi bat duen prestakuntza: gure ikasleak pertsona jantzi eta profesionalki trebe bihurtzea, kontzientzia kritikoarekin".

Bada, unibertsitate publikoko iturriek jakinarazi dutenez, graduko matrikularen azken epea itxi gabe badago ere, orain arte 8.601 ikasle berri matrikulatu dira EHUren graduetan, iaz baino %3,4 gehiago. Ikasle berrien %72k lehen aukera gisa hautatutako graduan lortu dute plaza, eta %15ek bigarren aukera gisa aukeratutakoan. Ikasle berrien %57,4 emakumeak dira, eta %42,5 gizonak.

Hizkuntzari dagokionez, ikasleen %53,4k euskarazko taldeetan egingo ditu graduko ikasketak, eta %46,5ek gaztelaniazkoetan. Campuska banatuta, ikasleen %52 Bizkaikoan matrikulatu dira, %26,4 Gipuzkoakoan eta %21,6 Arabakoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Bizkaia Gipuzkoako albisteak Araba EHU albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Gazteak azken ordukoa