Gizartea -

Eguraldia

EAE osoa alerta laranjan izango da bihar, "muturreko beroa" tarteko

Segurtasun Sailak alerta ezarri du muturreko tenperatura oso altuengatik. Kostaldean 34 °C-ra helduko dira maximoak; Bizkaia eta Gipuzkoa barnealdean, 39 °C-ra, eta 40ra irits daitezke Araba erdialdean eta hegoaldean. Nafarroan, Erribera eta erkidegoaren erdialdea jarri dituzte alertapean.

Gizon bat aterkiarekin, sargoriaz babesteko. Artxiboko argazkia: EFE
Gizon bat aterkiarekin, sargoriaz babesteko.
Gizon bat aterkiarekin, sargoriaz babesteko. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Muturreko beroa", Arabako Errioxan 40 ºC-rainoko maximoekin. Ohartarazpena egina zuen Jose Antonio Aranda Euskalmeteko arduradunak, eta agentziak egindako iragarpenak baieztatu du abisua. Euskal Autonomia Erkidego (EAE) osoa alerta laranjan izango da bihar, asteazkenarekin, muturreko tenperatura oso altuak izango direlako. 

Nafarroan, Erriberan eta erkidegoaren erdialdean ezarri du alerta Aemetek, 39 ºC-ko maximoak egon daitezkeelako. Isurialde atlantikoan (Baztan ingurua) eta Pirinioetan, aldiz, abisu horia izango dute, gehienez 35-36 gradu harrapatuko baitira. Meteofrancek (Ipar Euskal Herrian muturreko eguraldiaren abisuak ezartzen ditu) ez du abisurik eman.

EAEn, bereziki altu egongo dira termometroak. Kostaldean, 34 ºC-ko maximoak iragarri dituzte; Bizkaia eta Gipuzkoa barnealdean, apur bat gorago, 39 ºC, eta Araba erdialdean eta hegoaldean, 40 ºC. 

Euskalmeten iragarpenaren arabera, arratsaldean tenperatura 38-40 ºC baino altuagoa izan daiteke EAEko barnealdeko zenbait lekutan. Gauean ez du asko freskatuko, tenperatura nahiko altua izango da denean: barnealdean eta kostaldean, ez da 26-27 ºC-tik jaitsiko, eta 30 ºC-tik Ebro ondo eskualdean eta trantsizio eremuan.

26-31 ºC, Gorbeiako puntan

Jose Antonio Arandak Radio Euskadin azaldu zuenez, asteazkenean 26 eta 31 gradu arteko tenperaturak erregistra daitezke Gorbeiako puntan: "Tenperatura oso altua 1.600 metroan. Egoera hori gertatuz gero, ziurrenik lehen aldia izango da, edo behintzat ez dugu halakorik inoiz neurtu".

Muturreko egoera hori galerna moduko batekin amai liteke gaueko azken orduan edo gauean zehar, "eta hortik aurrera tenperaturak freskatu egingo dira" hurrengo orduetan.

Horrelakoak gero eta intentsitate handiagoz eta maizago gertatzen dira, eta klima-aldaketaren ondorioetako bat dira. "Udan beti egin du beroa, eta baita hotza ere, baina ez da oso normala horrelako egoerak izatea", esan du Arandak. Adituaren ustez, aldaketa horiek guztiek argi erakusten dute "klima-aldaketa gainean dugula jada, eta pilak jarri behar ditugula okerrera ez egiteko".

Iragarpena, egunez egun

Asteartean, tenperaturak beste koska bat egingo du gora. Hegoaldean, maximoak 35 ºC ingurukoak izango dira, eta kostaldean, aldiz, 30 gradutik behera geldituko dira. Eguerditik aurrera, ipar-ekialdeko haizeak indarra hartuko du. 

Asteazkenean, bero handia egingo du. Tenperatura altuenak 40 ºC-ren bueltakoak izan daitezke. Hego-ekialdeko haizea ibiliko da, eta brisa altxatuko da eguerdian. Gainera, baliteke azken orduetan haizeak ipar-mendebaldera egitea kostaldean, bolada gogorrekin. Giroa eguzkitsua izango da, baina, beroaren ondorioz, trumoi-hodeiak sor daitezke barnealdeko mendi inguruetan arratsaldean eta gauean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Uda Bero-boladak