Gizartea -

Eguraldia

Astearen hasierarekin batera bueltan izango dira tenperatura altua eta zeru urdina

Astelehenean maximoak 24 eta 28 graduren bueltan izango dira, baina asteartetik aurrera merkurioak 30 graduren langa gaindituko du lurralde osoan.

Ondarroan bainua hartzen. Argazkia: Itziar Alberdi
Ondarroan bainua hartzen
Ondarroan bainua hartzen. Argazkia: Itziar Alberdi

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur, igandea, aurreko egunetan baino hodei gehiago izango dira zeruan, eta freskatzera egingo du apur bat. Hodeiak ugariak izango dira iparraldean, eta goizean euri pixka bat egin lezake.

Aldiz, arratsaldean hodeiak gutxitu egingo dira eta giro eguzkitsua eta lehorra izango da nagusi, gehien bat hegoaldean. Termometroak ez dira asko igoko eta bezperako tenperatura antzekoak utzita izango dira nagusiki. 

Alabaina, astearen hasierarekin batera zeruak garbi agertuko dira eta tenperaturek gora egingo dute, uda sasoiko aro eguzkitsua gailenduta. Goizean zerua garbituz joango da, oraindik iparraldean goizaldean eta goizean goiz behe-hodeien hondar batzuk geratu ahal izango diren arren. Ipar-ekialdeko haizea ibiliko da arratsaldean, tarteka bizi, eta tenperaturak gora egingo du lurralde osoan, nabarmenago hegoaldean. 

Asteleheneko tenperatura maximoak 24 graduren bueltan ibiliko dira Donostian, eta 28 ingurukoak izango dira Gasteizen eta Laguardian, 27 ingurukoak Arrasate eta Iruñean, eta 25 gradu espero dira Bilbon.

Asteartean gaindituko dute termometroek 30 graduren langa, ia lurralde osoan, barnealdean 30 ºC-ren muga gainditzea espero da, eta 35 ºC-ra hurbiltzea hegoaldean; kostaldean, brisari esker, 30 ºC-ren azpitik gera litezke. Eguzkia izango da jaun eta jabe egun osoan. 

Hauek dira astearterako aurreikusita dauden tenperaturak: 

Donostian 14 graduko minimoa eta 28ko maximoa; Bilbon 15-30 gradu; Gasteizen 11-32; Arrasaten 13-31; Laguardian 12-33; Iruñean 10-33 eta Baionan 15-29.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Uda Bero-boladak