Gizartea -

Eguraldia

Heldu da uda: 30 °C-tik gorako tenperaturak eta eguzkia, asteartetik aurrera

Eguraldiak hobera egingo du asteburuak aurrera egin ahala, eta asteari giro udatiarrarekin ekingo diogu, sargori puntua izateraino.

Bikote bat, Kontxako hondartzatik paseatzen. Artxiboko argazkia: EFE
Bikote bat, Kontxako hondartzatik paseatzen.
Bikote bat, Kontxako hondartzatik paseatzen. Artxiboko argazkia: EFE

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eguraldi goibela, eta olatuengatik eta euri-jasengatik hainbat alerta meteorologiko izan ditugu protagonista azken egunotan. Udan gaudenik ez du ematen, giroa udazkenekoa izan baita. Bada, asteartetik aurrera, goitik eta behera aldatuko da eguraldia, eta giro eguzkitsu eta beroa izango dugu hainbat egunez. 

Bihar, larunbatarekin, tenperatura freskoekin (10 ºC, Gasteizen, eta 15 ºC bat, Bilbon eta Donostian) eta hodeitsu ekingo diogu egunari. Euria ere egin dezake Kantauri isurialdeko hainbat lekutan. Egunaren erdialdeko orduetan, baina, giro argia izango dugu. Araban eta Nafarroan eguzkia izango da nagusi egun guztian zehar, goizeko laino maskalak desagertuta. Tenperaturei dagokienez, gora egingo dute eta 25 ºC-ak harrapatu dituzte barnealdean, eta 23-24 ºC-ren bueltan errendituko dira kostaldean. 

Igandean,  hodei gehiago izango dira zeruan, eta freskatzera egingo du apur bat. Hodeiak ugariak izango dira iparraldean, eta goizean euri pixka bat egin dezake. Arratsaldean, aldiz, hodeitza gutxitu egingo da. Hegoaldean, oro har, giro eguzkitsua eta lehorra izango dute berriro, baina goizean zerua lainotu samar ager daiteke. Iparraldeko haizea ahul ibiliko da, eta ez ditu termometroak asko igotzen utziko, bezperako tenperatura antzekoak utzita (minimoak apur bat baxuagoak izango dira).

Astelehenarekin hasiko da eguraldia benetan iraultzen, eta argitzera eta berotzera egingo du. Asteartetik aurrera, eguzkia izango da jaun eta jabe, eta tenperaturek gorako bidea hartuko dute: 36 ºC-koak izango dira barnealdean, eta 30 ºC-koak, kostaldean. EITB Mediako meteorologia zerbitzuaren arabera, ildo beretik jarraituko du aroak hainbat egunez. Hori horrela, abuztuan bada ere, baina iritsi da uda gurera. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Uda Bero-boladak