Gizartea -

Klima

Lehortearen mapa: Araba euririk gabe eta Nafarroa hegoaldea alertan ur eskasiagatik

Euskalmeteko eta Aemeteko adituen arabera, oro har, Hego Euskal Herriko egoera normaltasunaren barruan dago. Hala ere, Arabako lurralde osoan pairatzen ari den euri falta eta Nafarroan Ebro ibaiaren ardatzean ur eskasiagatik dagoen alerta nabarmendu dituzte.

Metatutako prezipitazio estandarizatuaren indizearen bilakaera 2022ko irailaren 1etik.
Metatutako prezipitazio estandarizatuaren indizearen bilakaera 2022ko irailaren 1etik.

Metatutako prezipitazio estandarizatuaren indizearen bilakaera 2022ko irailaren 1etik.

I. R. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hego Euskal Herrian metatutako euri-kopurua balio normalen azpitik dago, Bizkaian eta Gipuzkoan (isurialde atlantikoan) eta Nafarroan (Pirinioetan) izan ezik, 2022ko irailaren 1etik metatutako Prezipitazio Estandarizatuaren Indizearen (SPI) arabera. Hego-mendebalderantz egin ahala, ordea, lehorte meteorologikoa areagotu egiten da, bereziki Araban. Lurralde horretan, euri faltak eragina izan du Lautadan, baina baita Arabako Errioxan eta Añanan ere.

"Oro har, Euskadiko egoera ona da; urtegiak ohi baino baxuago daude, baina egoera onean daude", José Antonio Aranda Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziako arduradunaren esanetan. Hala ere, Araban duela bizpahiru urtetik euri defizita dagoela zehaztu du.

Ildo horretan, Miguel Ángel Manjón Aemeteko meteorologoak azaldu duenez, Forondako behatokiak (Araba) serie osoko urterik lehorrena izan zuen 2022an. "Urtarrileko euriteek arnasa eman zioten Euskadi osoari, baina otsaila lehorra izan da, eta martxoa, are lehorragoa. Apirilean euria egin du, baina gutxi, eta datozen egunetarako ez dago prezipitazio handirik egoteko aurreikuspenik", aurreratu du adituak.

Nafarroako egoera Arabakoaren antzekoa da, baina Manjonek zehaztu du Nafarroan Araban baino euri pixka bat gehiago egin duela. Hala ere, urtebeteko aldiari dagokion SPIaren arabera, egoera larriagotu egiten da Hego Euskal Herri osoan, are indize lehorragoao baitaude, eta ia Arabako lurralde osoa eta Nafarroako erdialdea dira gunerik kaltetuenak.

Lehortea, baina ez eskasia

Espainiako Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak (MITECO) bereizketa bat egiten du lehorte luzearen eta eskasiaren artean. Lehenengoa lehorte meteorologikoarekin oso lotuta dago, hau da, prezipitazio faltak eragindako fenomeno natural gisa ulertzen da. Bigarrena, aldiz, eskariei erantzuteko egon daitezkeen arazoekin lotutako eskasia da, eta lehorte hidrologikoa ere esaten zaio. Horregatik, azken adierazle horrek definitzen ditu hornidurei, ureztatzeei eta abarri dagokienez egon daitezkeen arazoak.

Erakunde horren azken txostenaren arabera, martxoaren amaieran, Hego Euskal Herrian lehorte luzeko egoeran zeuden demarkazio hidrografiko bakarra Baia, Zadorra eta Jugalez Arabako ibaien arroak ziren. Hala ere, gaur egun, Euskadiko lurralde bakar batek ere ez du ur-eskasia pairatzen, bertako urtegiek batez beste % 76,19 baitute beteta. Nafarroako datuei dagokienez, Irati, Arga eta Ega ibaien arroak aurre-alerta egoeran daude, eta Ebroko ardatzak, berriz, eskasia zantzuak ditu lurraldearen hegoaldean, azken hilabeteetako euri faltaren ondorioz, eta, beraz, alerta egoera aktibatuta dago inguru horretan.

Uraren eskasia neurtzen duten aldagaien araberako egoera Hego Euskal Herrian. Mapa: Aemet

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena albisteak Ura Ibaien albisteak Larrialdi klimatikoa Lehortea