Gizartea -
EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUNA
M8ko aldarria Euskal Herrian: 2018ko greba feministatik ozentzen joan den oihua
Emakumeen nazioarteko eguna tarteko, hamarkada batzuk badira Euskal Herriko kaleak morez janzten direnak. 2018ko greba feminista mugarri izan zen, eta ordutik, pandemiaren baimenarekin, manifestazio eta mobilizazio historiko bezain jendetsuak izan dira gurean.
EITB MEDIA
Martxoaren 8a aspalditik da hitzordu garrantzitsua Euskal Herrian. Emakumeek kaleak bete dituzte, urteroko zitari jarraikiz. Salaketarako, aldarrikapenetarako zein jai girorako tartea izan da beti. Urtez urte, ozentzen joan den efemeridea izan da, eta 2018ko greba feministak iraultza ekarri zuen: more koloreko eztanda.
80ko hamarkadakoak eta 90ekoak dira EITBko artxiboan topatu ditugun irudi zaharrenak. Orduan ere, milaka emakume ateratzen ziren kalera, borroka feministaren beharra aldarrikatzera:
XXI. mendearen hastapenetan (2000. urtetik 2017ra) segida izan zuten manifestazio jendetsuek:
2018an, lehen greba feminista, "Greba feminista, emakumeak* planto" lelopean, mugarri izan zen. Ordura arte ikusi gabeko irudiak, Bilboko Areatza lepo eginda, Donostiako eta Gasteizko kaleak gainezka.
2019an, berriro egin zuen historia feminismoak, berriro ondu zituzten emakumeek marka guztiak. "Bizitzak erdigunean" jartzeko oihuarekin, mukuru egon ziren bazterrak. Bereziki gogoangarriak dira Bilboko irudi hauek, andrazkoak, ahots bakarrean, "Zutik, emakumeak" ereserkia kantatuz.
Pandemia atezuan zegoela, 2020an kalera atera ziren berriro emakumezkoak. 2021eko etenaren ondotik, iaz, maskarak jantzita zituztela ere, kalera itzuli ziren feministak, eta aurten ere, oraingoan mugarik gabe, halatsu egingo dute. Hona hemen Euskal Herriko herri eta hirietan gaurko deituta dauden mobilizazio nagusiak.