Gizartea -
Eguraldia
Abisu horia izotzagatik eta behe lainoagatik igande honetarako Euskadin, Araban batez ere
Gainerakoan, giro eguzkitsua nagusituko da, larunbateko ildoari jarraiki, Euskalmeten iragarpenaren arabera.
EITB Media
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du igande honetarako, Euskadin izotza eta behe-lainoa egon daitezkeelako. Ugariagoak izango dira Araban, ziurrenik.
Hala, 00:00etatik 10:00etara bitartean tenperatura baxuak espero dira, eta horrek izotz arina eragin dezake barnealdeko zenbait puntutan, Araban batik bat. Izotzak eta behe-lainoak bat egin dezakete zenbait gunetan.
Gainerakoan, igandean eguraldi eguzkitsua gailenduko da, larunbateko ildoari jarraiki. Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, zerua hodei gutxirekin egongo da, baina barnealdeko zenbait lekutan behe-lainoarekin hasiko dugu eguna.
Arratsalde-gau partean erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak hegoaldetik ugarituz joango dira. Hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, eta arratsaldean brisa sartuko du Kantauri isurialdean.
Era berean, tenperatura maximoek gora egingo dute. Minimoak, aldiz, jaitsi egingo dira eta barnealdean izotza egingo du. Hiriburuka, tenperaturarik baxuenak Iruñean espero dira, -3 ºCkoak. Gasteizen -2 ºCkoak izan daitezke, Donostian 2 ºCkoak, Baionan 3 ºCkoak eta Bilbon 4 ºCkoak.
Astelehenean tenperatura maximoak aldaketa handirik gabe mantenduko dira edo ipar partean zertxobait igoko dira. Gainera, minimoak igo egingo dira, eta, beraz, izotza ez da hain gertagarria izango barnealdean.