Gizartea -
MIGRAZIOA
"Masifikatutako makrozentroek" euskal harrera ereduan ez dutela tokirik esan du Artolazabalek
Migratzaileei aholkularitza juridikoa emateko beste lau bulego zabaldu ditu Eusko Jaurlaritzak, eta horien aurkezpenean hitz egin du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak. Espainiako Gobernuak errefuxiatuentzat Gasteizen ireki asmo duen zentroarekin bat ez datorrela esan du.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Euskal Autonomia Erkidegora iristen diren pertsona migratzaileei "beren egoera erregulatzen lagundu eta "aholkularitza juridikoa eman, gizarte-laguntzak atzean utzita, lan-merkatuan sartzeko bidea erraztuz eta bizitza berri baterako atea zabalduz". Hori da Eusko Jaurlaritzaren Aholku Sarearen —Atzerritarren arloko Laguntza Juridikoaren Euskal Sarea— helburu nagusia, eta horretara bideratuta dauden beste lau bulego zabaldu ditu Urretxun, Tolosan, Markina-Xemeinen eta Zornotzan. Horiekin, 28 dira Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban martxan dauden migratzaileentzako informazio guneak.
Bulego berrien aurkezpen ekitaldia Urretxuko Udalean egin dute, gaur goizean, besteak beste, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Xabier Legarreta Migrazio eta Asiloko zuzendaria eta zentroak hartuko dituzten herrietako alkateak bertan zirela. Bere hitzartzean, Artolazabalek Aholku Sarearen balioa nabarmendu du, "pertsona migratzaileei beren bizitza exodoaren bide gogorrean laguntzea" dutela xede esanez.
"Euskal harrera eredua" defendatu du Gizarte Politiketako sailburuak, "komunitatetik bertatik,banakako laguntza sustatzen" duen eredua, eta zentzu horretan, Espainiako Gobernuak errefuxiatuentzat Gasteizen ireki asmo duen zentroarekiko bere desadostasuna agertu du, "euskal ereduan errefuxiatuentzako makrozentro masifikatuek" lekurik ez dutelako. "Gure ereduak babes komunitarioa bezalako ekimenekin egiten du lan, gizarteratzea bultzatzen du".
Hala, "aldarrikapen historiko" bat egiteko aprobetxatu du bere agerraldia Artolazabalek, eta Espainiako Gobenuari Migrazio eta Asilo eskumenaren transferentzia gauzatzea eskatu dio, "euskal harreraren ereduari behin betiko forma eman ahal izateko". "Bistan da Euskadira iristen diren pertsona migratzaileei laguntzeko tresnak, zerbitzuak eta konpromisoa ditugula. Atzerritartasunaren arloko eskumenen transferentzia gauzatzea falta zaigu", esan du.
Biltzen Gizarteratzea eta Kulturarteko Euskal Zerbitzuak kudeatzen du Aholku Sarea, hainbat gizarte talderekin —Gurutze Gorria, Zehar-Errefuxiatuekin, Caritas, Cosmopolis, Adiskidetuak, Cite-CCOO, Bide Eginez eta Sos Arrazakeria— eta EAEko hiru abokatu elkargoekin elkarlanean. Iaz, 5.158 kontsulta jaso zituzten, eta ia 50 informazio saio eskaini. 1.455 pertsonak hartu zuten parte azken horietan.