Gizartea -

eguraldia

Noiz arte luzatuko da neguko denboralea? Hurrengo egunetarako aurreikuspena

Neguko eguraldia bat-batean iritsi da gurera astelehen honetan, eta antzeko giroa aurreikusten da datozen egunetarako. Hala, euriak eta hotzak elurrari ere ireki diezaiokete bidea, asteazkenetik aurrera, maila baxuetan.

Egun euritsua, Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE
Egun euritsua, Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE
Eguraldiaren iragarpena: negu beteko giroa, datozen hiru egunetan

02:59

i.l.k. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Negua bat-batean iritsi zaigun honetan, antzeko giroa aurreikusi dute Euskalmetek eta EITB Mediako meteorologia zerbitzuak hurrengo egunetarako eta, horien arabera, litekeena da giro makurra asteburu partera arte luzatzea. Prezipitazioak nagusi izango dira forma guztietan, asteazkenetik aurrera elur gisa ere etor litezkeelarik, maila baxuetan. Era berean, hotza izango da aste honetako hari eroalea, aspaldiko partez 10 ºCren azpitik geldituko diren tenperatura maximoekin.

Bihar, asteartean, negu beteko eguraldia izango dugu. Prezipitazio ugariez gain, mendebaldeko eta ipar-mendebaldeko haize bortitza ibiliko da eta elur-kotak behera egingo du. Hala, arratsaldean elurraren maila 600-800 metro inguruan egon daiteke eta egunaren amaieran 400 m ingurura jaitsi liteke.

Gainera, Euskalmeten iragarpenaren arabera, arratsaldean ezegonkortasuna areagotu egingo da eta egunaren amaieran kostaldetik hurbil ekaitzak jo eta txingorra bota dezake. Hotz egingo du eta tenperatura maximoak 10 ºCren azpitik geldituko dira txoko guztietan.

Gauzak horrela, tenperatura maximoa 10 gradukoa izango da Donostian, eta minimoa 5 ºCkoa. Bilbon, berriz, gehieneko tenperatura 11 gradukoa izango da, eta gutxienekoa 6 ºCkoa. Gasteizen 6 ºCkoa izango da gehienekoa, eta gutxienekoa 1ekoa. Azkenik, Iruñean 7 ºCkoa izango da gehienekoa, eta gutxienekoa 3 ºCkoa.

Asteazkenerako ere negu gorriko eguraldi ezegonkorra espero da, eta giro hotzak zein elurrak protagonismoa hartuko dute oraingo honetan. Zaparrada mardulak botako ditu sarri, Kantauri isurialdean bereziki, eta baliteke bertan trumoi-ekaitzak jotzea.

Elur-kota 300 eta 400 metro artean kokatuko da, baina baliteke zenbait momentutan maila baxuagoan ere zuritzea. Hori dela eta, alerta laranja ezarri du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak elurragatik, egun horretarako.

Elurragatik ezarritako alerta laranjaz gain, beste bi abisu hori egongo dira indarrean: prezipitazio iraunkorrengatik Bizkaian eta Gipuzkoan, eta itsasaldeko arriskuagatik, 5 metrorainoko olatuak tarteko.

Gainera, mendebaldeko edo ipar-mendebaldeko haizeak gogor joko du kostaldean eta mendi inguruetan, giroa are gehiago mikaztuz. Hotza nabarmenduko da eta barnealdeko leku askotan zeropeko balioak neurtuko dira; Araba eta Nafarroa aldean, batik bat.

Ostegunean, elur maila igotzearekin batera, baliteke gradu pare bat epeltzea. Izan ere, goizean goiz elur-kota 300 metroren inguruan ibiliko bada ere, egunak aurrera egin ahala 800 metrora igo liteke berriro.

Mendebaldeko haizea ibiliko da, barnealdean ipar-mendebaldekoa izango dena. Prezipitazioak ugariak izan arren, gaurtik hasita eta asteazkenera bitartekoak baino urriagoak izango dira ziurrenik.

Uneoro, eguraldiaren aurreikuspena kontsulta dezakezu eitb.eus-en, edo zure argazki eta bideoak bidali.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak Gaurko albisteak Gipuzkoa Albisteak Nafarroa Araba Iparraldea argazkiak Alerta meteorologikoak albisteak EAE Eguraldia Donostia Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea