Gizartea -
Umearen loteria
Donostian, Zornotzan eta Erriberrin jausi da Erregetako loteriaren bigarren saria
Guztira, sei dezimo saldu dituzte hiru loteria administrazio hori. Bigarren sari hori (72289a), dena den, oso banatuta egon da. Gainerakoan, zorteak iskin egin dio Hego Euskal Herriari, eta lehen saria (89603) Gironan saldu dute oso-osorik.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Gabonetako loteriak Hego Euskal Herrian utzitako "milioi-jasa"ren ondotik, Umeen loteriaren zozketa uzkurragoa izan da, eta bigarren saria (72289a) baino ez da egokitu. Guztira, zenbaki horren sei dezimo saldu dituzte Donostian, Zornotzan (Bizkaia) eta Erriberrin (Nafarroa), Espainiako Loteria eta Apustuak erakundetik emandako datuen arabera.
Bigarren horrek serieko 750.000 euroko saria du (75.000 euro dezimoko), eta oso banatuta egon da. EAEn, bi administraziotan erori da, Gipuzkoan eta Bizkaian. Donostian, Txirrita bertsolariaren "Argi Leku" liburu dendan dezimo bat saldu dute, eta Zornotzako Ibaizabal kalean dagoen loteria administrazioan, lau boleto. Nafarroan, Erriberriko Karlos III.a Noblearen plazan dagoen loteria saltokian ere dezimo bakarra saldu dute. Guztira, 450.000 euro banatu ditu bigarren sari horrek hiru udalerriotan.
Gainerako bi sari nagusiek, lehen sariak eta hirugarrenak, ez dute dirurik utzi gurean. 89603 zenbakiari egokitu zaio sari potoloa, eta L'Escalan (Girona) saldu dute oso-osorik. Hirugarrena (18918), aldiz, Lugon, Guillenan (Sevilla) eta Alziran (Valencia) banatu dute.
Euskal herritarrek ez dute, hortaz, zozketa horretan gastatutako dirua berreskuratu. Aurten, Espainiako Loteriak emandako datuen arabera, 56,41 milioi eurokoa izan da gastua Hego Euskal Herrian. Batez beste, EAEko herritar bakoitzak 21,14 euro gastatu ditu Umearen loterian. Bizkaitarrak dira gehien inbertitu dutenak, 26,21 eurorekin; Araban (esku hutsik joan den lurralde bakarra), 16,41 eurokoa da gastua, eta Gipuzkoan, 15,25 eurokoa.
Erriberriko loteria-saltzailea, "oso pozik"
Ivan Valenzuela Erriberriko Loteriaren administrazioko arduraduna "oso pozik" agertu da bigarren sariaren dezimo bat saldu zuela jakitean. EFEri egindako adierazpenetan azaldu duenez, oraingoz ez daki nork erosi ahal izan duen txartela, baina herriko bizilagunen bat dela uste du, "makinako" dezimo bat delako, ez serieko zenbaki tradizionalak bezala inprimatua, eta terminaleko zenbaki horiek azken egunetan bakarrik saltzen hasi zen, ohiko inprimakiak agortu zituenean.
Nolanahi ere, edozein izan daiteke sariduna; izan ere, administrazioa Nafarroako herri horretako plaza nagusian dago, eta bertako kaleetan bisitari ugari ibiltzen dira egunero, oso turistikoa baita.
"Hiru urte baino ez daramatzat administrazioan, eta poz handia eman dit, are gehiago Erregetako Loteriaren saria izateagatik, Gabonetakoarekin batera, ospetsuena baita eta ilusio handia egiten baitu", adierazi du. Uztailean beste sari esanguratsu bat eman zuela ere gogorarazi du: 45.000 euro, Euromilioi zozketan.