Gizartea -

OSASUNA

Zergatik jaitsi da % 30 dementzia kasu berrien intzidentzia tasa?

Gurutz Linazasoro neurologoak uste du gure bizimodua hobetu delako gutxitu dela buruko nahasmenduen intzidentzia tasa. Horren esanetan, dementzia izateko arriskuaren % 40 ingurumen faktoreek baldintzatzen dute. Baina, zeintzuk dira gure garuna trebatzen laguntzen duten eragileak?

Nola mantendu garuna entrenatuta zahartzarorako
Nola mantendu garuna entrenatuta zahartzarorako
Nola mantendu garuna entrenatuta zahartzarorako

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gero eta urte gehiago bizi gara, eta dementzia izateko arriskua areagotu egiten da adinarekin, baina gero eta ikerketa gehiagok baieztatu dute, paradoxikoki, azken boladan Alzheimerraren eta antzeko beste nahasmendu batzuen intzidentzia hamarkadaz hamarkada murrizten ari dela, iragarpen guztien aurka. "Albiste zoragarria da. Gure bizimodua gero eta hobea delako gertatzen da hori", adierazi du Gurutz Linazasoro Gipuzkoako Poliklinikako neurologoak.

Ezintasunaren arrazoi nagusienetako bat da dementzia adinekoentzat, eta zama emozional eta finantzario bihurtzen da kasu gehienetan familientzat. Hainbat faktorek eragin dezakete, eta ohikoena Alzheimer gaixotasuna da, gaur gaurkoz, oraindik tratamendu eraginkorrik ez duena.

Nolanahi ere, ikerketa lan berri batek egiaztatu du dementzia duten 65 urtetik gorako pertsonen kopurua % 30 jaitsi dela azken 15 urteetan Estatu Batuetan. "Hemen orain arte % 20ko beherakada genuen, gutxi gorabehera, kalkulatuta", zehaztu du Linazasorok. Arrazoia zein den zehazki jakin ez arren, badirudi herritarren hezkuntza-maila handitzeak pisu handia duela. "Gaur egun, badakigu dementziaren arriskuaren % 40 ingurumen faktoreek eragiten dutela, eta faktore horiek aldatzea gure esku dago", nabarmendu du adituak.

Normalean, sintomak agertu baino urte batzuk lehenago hasten da kaltea buruan. Horregatik, neurologoak uste du garrantzitsua dela bizi ohitura onak izatea zahartze prozesua moteltzeko eta garuna sasoi onean mantentzeko.

Baina... Nola zahartu garun osasuntsu batekin? Hona hemen hainbat aholku:

Garuna osasuntsu mantentzeko gomendioak

Neurologian adituak adierazi duenez, pertsona batek Alzheimerra pairatzeko duen arriskua oso handia izan arren, bere bizi ohiturak hobetzen baditu, nabarmen murriztu dezake arrisku hori.

Hala, adierazi du gero eta nabarmenagoa dela modu osasungarrian jateak, ordu kopuru egoki bat lo egiteak edo beste pertsona batzuekin harremana izateak, adibidez, garuneko osasunari lotutako arazoak prebenitzeko balio dutela.

Halaber, osasun kardiobaskularra zaintzeak, bereziki tabakismoaren, ariketaren eta gorputz-masaren indizearen eremuetan, dementzia izateko arriskua gutxitzen duela uste du.

Medikuaren esanetan, "faktore horiek kontrolatzen baditugu, eta kontuan hartuta hezkuntza-mailak nabarmen egin duela gora, eta horri guztiari teknologia berriek izan dezaketen eragin onuragarria gehitzen badizkiogu... guzti hori oso estimulagarria da garunarentzat, eta dementzia izateko arriskua murrizten du".

Egun, jakin badakigu garuneko aldaketa patologikoak lehen sintomak nabaritu baino urte batzuk lehenago agertzen direla. Beraz, pertsona batek ondo trebatutako garuna badu, prozesu degeneratiboa beranduago helduko da. Horregatik, modu osasungarrian zahartzeak, garunaren osasuna ere bermatzea dakar.

Gurutz Linazasoro: ''Dementzia izateko arriskuaren % 40 ingurumen-faktoreek baldintzatzen dute''
Gurutz Linazasoro: ''Dementzia izateko arriskuaren % 40 ingurumen-faktoreek baldintzatzen dute''
Gurutz Linazasoro: ''Dementzia izateko arriskuaren % 40 ingurumen-faktoreek baldintzatzen dute''

2:27
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Alzheimer gaitza