Gizartea -

azaroak 25

Emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean, gizonei zuzendutako kanpaina bateratua egin dute euskal erakundeek

"Zer ez duzu ulertu nahi? Bakarrik bai da baietz" lelopeko kanpaina aurkeztu dute Emakundek, foru aldundiek eta EUDELek. Izan ere, "gizonak dira", emakumeekin batera, indarkeria matxista desagerrarazteko "beste gizon batzuengana zuzentzen direnak".

Azaroaren 25eko kanpainaren spotetako batetik ateratako irudia. Argazkia: Emakunde
Azaroaren 25eko kanpainaren spotetako batetik ateratako irudia. Argazkia: Emakunde
Gizonei zuzendutako kanpaina aukerkeztu dute Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunerako

1:09

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azaroaren 25ean, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko egunean, kanpaina bakarra izango da aurten Euskadin. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Emakunderen bitartez; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta EUDELek kanpaina bateratua sinatu dute. Erakunde guztien artean koordinatutako kanpaina "bakarrik bai dela baietz" oraindik ulertu ez duten gizonei zuzentzen zaie, eta gogorarazten die "ezetz esateko modu asko daudela, baina bat bakarra ulertzeko".

Hala, gizonek beraiek, emakumeekin batera, egiten diete galdera beste gizon batzuei: "Zer ez duzu ulertu nahi? Bakarrik bai da baietz".

Astelehen goizean aurkeztu dute kanpaina, eta bertan izan dira Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Emilio Sola Arabako Gizarte Politiketako foru diputatua, Maite Peña Gipuzkoako Gizarte Politiketako foru diputatua eta Gorka Urtaran EUDELeko presidentea.

Beatriz Artolazabal sailburuak nabarmendu du "oso garrantzitsua" dela erakunde guztiek modu koordinatuan lan egin izana gizarteari mezu bakar bat helarazteko, emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baten aldeko herri konpromisoaren irudia erakutsiz: "berdintasunean eta emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako borrokan beharrezkoa da elkarrekin lan egitea, herri bezala, taldean, jarraibide berberekin".

Era berean, nabarmendu du garrantzitsua dela kanpaina gizonei zuzentzea, eta gizonak izatea indarkeriari ezetz esaten diotenak eta beste gizon batzuei zuzentzen zaizkienak, gogorarazteko beharrezkoa dela emakumeen erabakia eta hitza errespetatzea, indarkeria matxista ez baita "emakumeen arazoa", gizarte osoarena baizik.

Gaineratu duenez, "gizarte matxista batean sozializatutako gizonena", maskulinitate modu bat ikasi dutenena alegia, ere bada arazoa. Artolazabalen iritziz, "berdintasun ezaren aurka altxatzen diren, eta korporatibismo maskulinoa hausten duten gizonak egotea behar-beharrezkoa da indarkeria geldiarazteko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Espainian Eusko Jaurlaritza albisteak EAE Emakunde argazkiak Gizartea bideoak Emakumeen kontrako tratu txarren salaketak Gaurko titularrak Albisteak Matxismoa gaur Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna Bizkaiko Foru Aldundia azken orduko albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia Arabako Foru Aldundia albisteak EUDEL