Gizartea -

berdintasuna

Nafarroan LGTBIfobia delituak hautemateko gida

Biktima edo lekuko izanez gero nola jokatu azaldu du Nafarroako Berdintasuneko Institutuak prestatutako gida batek.

Eva Isturiz eta Julen Eneriz. Argazkia: Nafarroako Gobernua
Eva Isturiz eta Julen Eneriz. Argazkia: Nafarroako Gobernua
Eva Isturiz eta Julen Eneriz. Argazkia: Nafarroako Gobernua

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astearte honetan, Nafarroako Berdintasuneko Institutuko (NABI) zuzendari gerente Eva Isturizek eta LGTBI+eko alorreko zuzendariorde Julen Enerizek LGTBIfobia delituak hautemateko gida aurkeztu dute. Dokumentu horretan, gorroto delituak zer diren argitzen da, baita horiek nola identifikatu ere. Euskaraz eta gaztelaniaz dagoen dokumentu horretan, gorroto delitu baten biktima nahiz lekuko izatean nola jokatu adierazten da.

Txostenean, LGTBIfobia delitutzat hartzen da biktimaren identitate edota orientazio sexuala oinarri duen norbaiten aurkako eraso, mehatxu zein kalte oro. Julen Enerizek gida hori orokortzeko nahia adierazi du, hiritar guztiek erreferentziatzat izatea nahi du, eta ez soilik LGTBI biktimek.

NABIko zuzendariak Nafarroako gobernuak berdintasunarekiko daukan konpromisoa adierazi du: "sexu- eta genero-identitate eta -orientazio anitzeko politika publikoak bultzatzen jarraitzeko, LGTBI+ pertsona guztiek modu aske, oso eta seguruan bizi ahal izan dezaten. Hezkuntzaren bidez eta aurreiritziak, estereotipoak eta estigmak desagerraraziz soilik eraiki daitezke errespetuan oinarritutako gizarteak".

Gida hori Kattilingune zerbitzuko egoitzetan, Iruñean, Tuteran, Irurtzunen, Tafallan eta Lizarran banatuko da, baita Justizia Jauregiko gorroto delituen biktimen egoitzan eta Iruñeko Harrotu zerbitzuan ere.

Gida Kattilingune zerbitzuan eskaintzen den biktimentzako doako aholkularitza juridiko eta emozionalaren lagungarria da.

Biktima edo lekuko izanez gero nola jokatu

LGTBIfobia delitu baten biktima izatekotan, hori salatzeko eskubidea azpimarratzen du gidak. Ez da beharrezkoa berehala salatzea, baina lehenbailehen poliziari deitzea gomendatzen da. Gainera, kalte fisiko edo lesioren bat jasatekotan, osasun zentro batera gerturatu behar da horren ziurtagiria lortzeko. Garrantzitsua da dokumentu horretan delitua gorrotoagatik gertatu dela argi uztea.

Salaketa ahoz edota idatziz gauzatu daiteke komisaria batean zein auzitegi batean. Lagungarria da delituan jasotako irainak eta egilearen edo egileen deskripzio fisikoak ematea.

Lekuko izatekotan, lege-betebeharra da hori salatzea, zigor kodean adierazten den moduan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroako albisteak Delituak albisteak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Homofobia mapa Albisteak LGTBI+ albisteak