Gizartea -

HEZKUNTZA

Hezkuntza Lege berriaren eztabaidan hezkuntza komunitateak parte hartzea ezinbestekotzat jo du EH Bilduk

Hekuntza sistema propio bat izateko aukera ezin dela galdu uste du koalizioak, eta alde guztiek egin behar dutela ahalegina nabarmendu du. "Mugarik gabeko eztabaida izan behar da", esan du.

Pello Otxandiano, EH Bilduren programa zuzendaria, gaur. Argazkia: EH Bildu
Pello Otxandiano, EH Bilduren programa zuzendaria, gaur. Argazkia: EH Bildu
Pello Otxandiano, EH Bilduren programa zuzendaria, gaur. Argazkia: EH Bildu

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hezkuntza sistema propio baten norabidean, "jauzi kualitatibo bat" eman eta "fase berri bat irekitzeko tresna" izan behar du Hezkuntza Lege berriak, eta "bokazio eratzailea" izan behar du. Era berean, eztabaida prozesu honetan hezkuntza komunitatearen parte-hartzeak ezinbestekoa izan behar du. Hala esan du Pello Otxandiano EH Bilduren programa zuzendariak, goizean egin duen agerraldian. 

EH Bilduren mahai politikoaren bileraren ostean, hedabideen aurreran agertu da Otxandiano, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako Hezkuntza Legearen aurreproiektuaz koalizioaren iritzia emateko. "Oso koziente izan behar gara, zer den zehazki orain jokoan dagoena. Ez da edozein lege, datorren 30 urteetara begira pentsatu eta diseinatu nahi dugun lege bat da, Hezkuntzari dagokiona, gainera, funtsezko gaia edozein herriren garapen eta etorkizunerako", esan du.

Koalizioko programa zuzendariak gogora ekarri duenez, joan den apirilean EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk akordio historikoa eta "aitzindaria" itxi zuten Hezkuntza Legearen oinarriak adostuz. "Orain, akordio politiko bat dugu mahai gainean, tresna bat, hezkuntza legearen eztabaida hau hezkuntza komunitatearekin batera eman ahal izateko. Zeren benetan trantsizio hori abiarazteko balioko badu eta datozen 30 urteetarako balioko badu, ezinbestekoa izango da hezkuntza komunitatea inplikatuta egon eta parte izatea", zehaztu du.

Zentzu horretan, Otxandianok azpimarratu du "hezkuntza akordioaren letra eta izpiritua legean jasota egon dadin ahalegin guztiak" egingo dituela EH Bilduk. Horren hitzetan, "ez gaude aukerak galtzeko" eta "ahaleginak eta bi egin behar ditugu aukera hau baliagarria izan dadin".

Halaber, EH Bilduko ordezkariak ohartarazi du ikastetxeetako langile eta profesionalek, gaur gaurkoz, "oso urrun" ikusten dutela eztabaida hau, eta "ezinegona" sor dezakeela egoera horrek. Horregatik, hezkuntza komunitatea lehenbailehen "eztabaidaren parte bilakatu" behar dela iritzi dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hezkuntza legea Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Gizartea EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza