Gizartea -

ELKANO

Jaieguna da Euskadin Elkanoren mundu biraren 500. urteurrenaren omenez

Jarraitu zuzenean, eitb.eus-en, Elkanoren lehorreratzearen antzezpena, Getariatik.

Elkanoren lehorreratzea Getarian 2018an. Argazkia: EITB Media.
Elkanoren lehorreratzea Getarian 2018an. Argazkia: EITB Media.
Jai giroa nagusi da Getarian goizean goizetik

0:32

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadin jaieguna da astearte honetan, irailaren 6an, Juan Sebastian Elkano Getariako marinelak orain direla 500 urte egindako mundu biraren omenez.

Berez, Eusko Jaurlaritzak egun hau jaiegun ezarri zuen abenduaren 25koa ordezkatzeko, igandean izango baita eguberri eguna.

1522ko irailaren 6an Elkanok historian egindako lehen mundu birari amaiera eman zion Cadizen, Sanlucar de Barramedan.

Lau urtez behin getariarrek antzerki bidez gogoratzen dute marinelen lehorreratzea, eta aurten ere hala egingo dute. Gainera, berrikuntzak izango ditu, lehen aldiz emakume batek egingo baitu marinel baten papera.

Haritz Alberdi Getariako alkateak "ilusio asko" duela adierazi du Radio Euskadin, eta aurreratu du ikuskizunean hainbat berrikuntza egongo direla, emakume marinelaz gain. Portura 21 pertsona helduko dira itsasontzian, eta ez 18, aurreko urteetan egin zen moduan. Izan ere, Cadizera 21 persona heldu ziren; horietatik 18 europarrak ziren, eta 3 aborigenak. Herriak azken horiei ere omenaldia egin nahi izan die.

Antzerkia 17:00etan izango da, baina 15:30ean moztuko dira herriko sarrera guztiak, eta garraio publikoan baino ezin izango da sartu. Alkateak gogorarazi du autobusak 15 minuturo aterako direla Zarautzetik, 30 minuturo Zumaiatik, eta 15 minuturo Zestoatik. Aurtengoa jai eguna izanda, jende asko espero dute herrian.

Arratsaldeko ekitaldi horretan Iñigo Urkullu Lehendakaria egongo da, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin eta Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarekin batera.

16:50etik aurrera, Getariako Elkanoren lehorreratzearekin bat egingo dute ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza EAE albisteak Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Getaria azken ordukoa Elkano Fundazioa Euskadiko jaiegunak