Gizartea -

LEHORTEA ETA URAREN KUDEAKETA

Uraren presioa jaitsiko dute Busturialdean gauez gaurtik aurrera

Murrizketa 24:00etatik 06:00etara izango da, eta, ordu horretan, ohiko presioa berreskuratuko da. Lea-Artibai eskualdean, berriz, funtsezkoa ez den ur kontsumoa mugatzea eskatu dute, kaleak garbitzean eta lorategiak ureztatzean, adibidez.

Bermeo. Argazkia: Begoña Barrutia
Bermeo. Argazkia: Begoña Barrutia

Bermeo. Argazkia: Begoña Barrutia

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Busturialdea-Urdaibaiko eta Lea-Artibaiko eskualdeetako ur hornidura arazoak areagotu egin dira azken egunotan, eta datozen egunetarako euririk ez dagoenez iragarrita, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak murrizketa batzuk areagotzea erabaki du. Garrantzitsuena, Busturialderako izango da, uraren presioa jaitsiz gauetan.

Uztailaren 19an jada, Busturialdea osatzen duten 16 herrietan (Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Ea, Elantxobe, Gernika-Lumo, Forua, Gautegiz-Arteaga, Ibarrangelu, Kortezubi, Mendata, Mundaka, Murueta, Muxika eta Sukarrieta) uraren kontsumoa murriztea eskatu zuen Partzuergoak, nahitaezkoak ez ziren jardueretan.

Orduan, Lehorteetarako Plan Bereziaren 2. fasea aktibatu zen, eta, kaleak garbitzean, igerileku pribatuak betetzean, lorategiak eta baratzeak ureztatzean edo ibilgailuak garbitzean, besteak beste, uraren kontsumoa mugatzeko eskatu zen.

Orain, 3. fasea aktibatuko da, eta, hori dela eta, eskualdeko 45.000 bizilagunek ura presio gutxiagorekin jasoko dute 24:00etatik 06:00etara. Ordu horretan, uraren fluxua bere onera itzuliko da. Astelehenetik astearterako gauean sartuko da indarrean neurria eta, oraingoz, ez du amaiera datarik.

Neurri honi esker eta Santurtzitik Bermeora egunero ura eramango duen itsasontziari esker, Partzuergoak uste du ur hornidura bermatuta egongo dela, eta ez dela mozketarik egin behar izango. EITB Mediak jakin ahal izan duenez, abuztuaren bigarren hamabostaldian hasiko da itsasontzia joan-etorrian -data ez dago oraindik zehaztuta-, eta, egunero, 2 milioi litro ur eramango dira.

Lea-Artibai 2. fasean

Bestalde, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak uztailean ohartarazi zuen bezala, murrizketak Lea-Artibai eskualdera ere iritsi dira (Amoroto, Aulesti, Berriatua, Etxebarria, Gizaburuaga, Ispaster, Lekeitio, Markina-Xemein, Mendexa, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz, Ondarroa eta Ziortza-Bolibar), eta, atzotik 2. fasean dago eskualdea. Gauzak horrela, funtsezkoa ez den ur kontsumoa mugatzeko eskatu dute bertan.

Udal bakoitza bere neurriak hartzen ari da. Ispasterren, Laida eta Laga hondartzetako dutxak itxita daude ostegunetik; Ondarroan, nabarmen murriztu dute parke, lorategi eta berdeguneen ureztapena; eta Lekeition, berriz, kartelak jarri dituzte herrian, uraren erabilera murrizteko eskatuz.

Datorren astean, murrizketa gehiago etor daitezke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bermeo Herriak eta Hiriak Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Gernika-Lumo Gizartea Eguneko albisteak Lekeitio Ondarroa Albisteak Ekologia gaur Ura Mundaka Markina-Xemein Lehortea gaur Lea-Artibai Urdaibairi buruzko albisteak