Gizartea -

Nafarroa

Foru Ganberak tramitera onartu du Eliza Katolikoaren sexu abusuen biktimak aitortzeko lege proposamena

Biktimoi banan-banan aitortza emango dien adituen Batzorde bat sortuko dute, besteak beste. Navarra Sumak bakarrik bozkatu du ekimenaren kontra.

Bozketaren emaitza, Nafarroako Parlamentuan. Argazkia: Foru Parlamentua
Bozketaren emaitza, Nafarroako Parlamentuan.
Bozketaren emaitza, Nafarroako Parlamentuan. Argazkia: Foru Parlamentua

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Parlamentuaren osoko bilkurak tramitera onartu du ostegunean Eliza Katolikoaren barnean gertatutako sexu-abusuen biktimei errekonozimendua adierazteko Foru Lege proposamena. Navarra Sumak ez beste taldeek (PSN, Geroa Bai, Podemos Ahal Dugu, EH Bildu eta Izquierda-Ezkerra) egin dute ekimenaren alde. 

Foru Gobernua osatzen duten hiru taldeek eraman dute proposamena ganberara. Xedea da Eliza Katolikoaren baitan Nafarroan egindako sexu abusuen biktimek "errekonozimendurako eskubidea baliatu" ahal izateko prozedura antolatzea, horrela, "subsidiariotasunez zigor edo zehapen arloko edozein jarduketaren aurrean, oroimen kolektiboan gorde dadin oraintsura arte ezkutuan eduki den eta gizarte gehienak ezagutu ez duen errealitatea".

Zehazki, aitortza eta erreparazioa jaso ez duten biktimei estatutu berezi bat ematea du helburu. "Ahanzturaren apologiaren eta Eliza Katolikoko kideek adingabeei egindako sexu abusuak justifikatu eta/edo ukatu dituzten errebisionismo eta negazionismo mota guztien mende egon diren gertaerak eta ekintzak" azalera ateratzeko asmoa du arauak.

Horretarako, hainbat adituk osatutako batzorde bat eratuko dute, Errekonozimendurako Batzordea, "zorroztasun handienarekin eta banaka" biktima horiei aitortza egin diezaien. Bederatzi pertsonak osatuko dute: lau adituk, biktimen elkarteek izendatutako bi ordezkarik, Eliza Katolikoak aukeratutako beste bik, eta idazkariak. Batzorde horrek, urtean behin, memoria txostenak egingo ditu.

Navarra Suma bakarrik geratu da kontra egitean

Legearen defentsan aritu den Mikel Buil Podemos Ahal Duguren bozeramaileak nabarmendu duenez, ekimena "biktimentzat ez ezik, gizarte guztiarentzat ere sendagarria izango den prozesu soziala" izango da. Izan ere, horren ustez, legeak "memoria aldarrikatzeko, negazionismoari aurre egiteko eta ez ikusiarena egiteko jarreren kontra aritzeko" balio du.

Iñaki Iriartek (Navarra Suma) esan du bere taldea ez dagoela "erreparazioaren, justiziaren eta abusuok ikertzearen kontra", baina bai lege proposamen horren kontra: "Gaizki idatzita dago, gaizki eginda". Salatu duenez, "arlo jakin batean, Eliza Katolikoan, egindako abusuak bakarrik hartzen ditu aintzat". Horren ildoan, honakoa galdetu du: "Abusuak izan diren esparru guztietarako lege bana egingo al duzue?".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PSN Geroa Bai I-E Nafarroa Gizartea EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Parlamentua Podemos Ahal Dugu Nafarroa Umeak Navarra Suma María Chivite Sexu abusuak Eliza Katolikoan Eliza Katolikoa