Itxi

Gizartea

Donostia

Zirkulazioan gorabeherak izango dira Donostia erdialdean uztailaren hasierara arte

Agentziak | EITB MEDIA

Zubieta eta San Martin kaleetako lanak hasiko dira gaur, eta bost asteren ostean, noranzkoa aldatuko dute eta Kontxako pasealekua handitu.

0:34
Lanak Kontxa inguruan. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Astelehen honetatik hasita, Donostiako Kontxa aldea birmoldatzeko lanei ekingo diete, eta Zubieta eta San Martin kaleetako noranzkoan aldatuko dituzte. Lanok hilabete baino gehiago iraungo dute, uztailaren hasierara arte.

Donostiako Udalak aldi horretan gune horietatik ez ibiltzeko gomendatu du, bizilekua hor izateagatik edo merkataritza-jardueragatik hortik pasatu beharrik izan ezean.

Lehen fasean (uztailaren 1era arte), Zubieta kalea asfaltatuko da, gauez, eta, hortaz, itxita egongo da trafikoarentzat 00:00etatik 06:00etara, maiatzaren 30etik ekainaren 1era. Ibilgailuak Urbieta-Larramendi-Lizarra ibilbidea erabiliz joan ahal izango dira Antiguara.

Horrez gain, maiatzaren 30etik aurrera, hiru astez, Mirakontxa pasealekua itxita egongo da Miramar jauregira igotzeko aldean. Handik jaistea posible izango da. Horren ordezko irtenbide gisa, Kontxa pasealekuko eskuineko erreia irekiko da, ibilgailuak Antiguara joateko.

Ekainaren 6tik aurrera hasiko dira aldaketak trafikoan, San Martin eta Zubieta kaleen noranzkoa aldatzeko, bai eta horiekin lotuta dauden kale txikien noranzkoa aldatzeko ere (San Bartolome, Lersundi, Triunfo, Marina eta Arrasate)

Hala, uztailetik aurrera, San Martin kalea irteera kalea izango da zentrotik Antiguara eta Mirakontxara joateko. Zubieta kalean hiribururako sarbidea izango da.

Kaleon noranzko aldaketez gain, bidegorria eta Kontxako pasealekua zabalduko dituzte, baranda ordezkatu, eta saneamendu eta harguneak berriztatu.

TAOko erabiltzaileei dagokienez, ekainaren 1etik 27ra, 1-2 eremuko egoiliarrek gainerako eremuetan aparkatu ahal izango dute.

Azkenik, dBuseko zerbitzuan ere eragina izango dute lanek. Maiatzaren 30etik aurrera, Antigua alderantz doazen 16-Igeldo, 18-Seminarioa (gaueko linea) eta B8-Mirakontxa-Benta Berri-Seminarioa lineek Kontxa Pasealekua zeharkatuko dute Antiguako tuneleraino eta Pio Barojatik igoko dira Kiroldegiko biribilguneraino, eta handik beren ibilbide arrunta egiten jarraituko dute.

Halaber, bertan behera geldituko dira geltoki hauek: Mirakontxa, Miramar Jauregia, Baenako Dukea, Sanserreka eta Kiroldegia-Sanserreka. Hauek guztiak Kiroldegiko biribilgunearen ondoko behin-behineko geltoki batera lekualdatuko dira.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena