Gizartea -
Hezkuntza
Elkarrekin Podemos-IUk aurreakordioa erdietsi du EAJrekin eta PSErekin Hezkuntza Legearen oinarrien inguruan
Gorrotxategik azaldu duenez, eskola publikoaren inguruko plan estrategikoa egitea, kontzertazio unibertsalarekin amaitzea eta matrikulaziorako udal bulegoak irekitzea adostu dute, besteak beste. Dena den, negoziatzen jarraituko dute, ostiralean bozkatzekoak baitira zirriborroari egindako zuzenketak.
EITB MEDIA
Elkarrekin Podemos-IU (EP-IU) taldeak aurreakordioa lortu du Eusko Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiekin (EAJ eta PSE-EE) Legebiltzarrean izapidetzen ari den etorkizuneko Hezkuntza Legearen oinarrien inguruan.
Miren Gorrotxategi koalizioak Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak aurreakordioaren nondik norakoak azaldu ditu Iñigo Martinez legebiltzarkidearekin batera eskaini duen prentsaurrekoan.
Gai zehatzen inguruan ados jarri dira, besteak beste, eskola publikoaren inguruko plan estrategikoa egiteko, kontzertazio unibertsalarekin amaitzeko, matrikulaziorako udal bulegoak irekitzeko eta haurreskolak "publikoak, doakoak eta unibertsalak" izateko.
Oraindik ere orraztu beharreko kontuak dauden arren, aurreakordioa akordio bihurtzea espero duela nabarmendu du Gorrotxategik. Ildo horretan, falta diren bi egunetan negoziatzen jarraituko dutela azpimarratu du.
Elkarrekin Podemos-IUk oinarrien dokumentu horrekiko jarrera oso kritikoa izan du hasieratik, proposatutakoa "testu deklaratibo hutsa" zela eta zehaztapenak falta zitzaizkiola "herri akordio" bat izateko.
Azken egunetan, baina, jarrerak hurbiltzen joan omen dira, eta atzo bertan Iñigo Martinezek ETBko "Egun On Euskadi" saioan aitortu zuen aurreakordioa gertu egon zitekeela.
Taldeek ostiralera arte dute negoziatzeko, hilaren 18an bozkatuko baitituzte zirriborroari aurkeztutako zuzenketak. EH Bilduk ez du iritzirik plazaratu, eta PP+Cs eta Vox taldeak zirriborroaren kontra azaldu dira.
Legebiltzarreko gehiengoak (hiru indarrek Ganberako eserlekuen % 62 dituzte) babestutako testuak ez ditu, ordea, Hezkuntza sindikatuak eta beste eragile batzuk asebete. Lehenengoek greba deitu dute martxoaren 25erako eta HEIZEk (ikastetxeetako zuzendariak) eta EHIGEk (guraso elkarteak) euskal hezkuntzaren etorkizunari buruzko eztabaida eskatu dute.